2026(e)ko otsailaren 24(a), asteartea

"Ostrukak" Cáceresen! (Basoilo handiak)

 Ostruken itxura hartu nien nonbait eta horrela deitu ditut txantxetan; gehiegikeria da horrela deitzea, baina ez hainbestekoa, izatez munduko hegazti hegalaririk astunetakoak baitira Andeetako kondorrarekin lehian, basoilo handi ar handienek 18 kg-ko pisua har dezaketelarik!

Basoilo handia Otis tarda

Espainiako hegoaldera bidaian gindoazela Cáceresen egin genuen geldialdia eta mapak markatzen zuen gune batera egin genuen saiakera, fede handirik barik egia esan, ea zer ager zitekeen...

"Ostrukak" ikusi genituen lekua

Arretagune ornitologikoa Cáceresetik Trujillora bidean dago, Santa Marta de Madascarako desbiderapena hartuta kilometro gutxira; Cáceresetik 18 km-ra guztira. 

Heldu ginenean gizona zegoen tripodearekin argazkiak ateratzen; aparkatu genuen eta "buenos días; qué está usted viendo?" galdetu genion. "Cuarentitreh avutardah..." erantzun zigun; "me conformaba con ver una!" aitortu nion nik.

Aurrean zelai eta belar solo amaigabeak zabaltzen ziren, zuhaitz eta sasitzen batzuk zipriztinduta eta begi-bistara ez zen ezer ikusten, baina gizonak agindutako lekura teleskopioa zuzenduta, hantxe zeuden basoiloak!

Basoilo handiak Cáceeres ondoko lautadetan

Hasieran hiruzpalau baino ez ziren ikusten, memento horretan gehienak etzanda zeudelako eta burutxoak baino ez zirelako belarren gainetik azaltzen, baina holako batean martxan ipini ziren denak eta hogeita hamabost ale zenbatu nituen.

Basoilo handiak Cáceresen

Ordubetez edo gozatu ostean, baita bideotxoa eta argazkiren bat eginda ere, Trujilloruntz jarraitu genuen bidea, eta holako batean, hara! Hegaz altxatu ziren errepidearen gainetik...! Halako ikuskizuna, piztiatzarrak hegan!

Basoilo handiak eta trafiko seinalea

Kotxea bide bazterrean gelditu, zorrotik argazki makina atera, eta ZAS! Trafiko seinalea erdian...!

Aldra eder bi ikusi genituen airean, berrogei aletik gora egongo ziren biak batuta. Pozgarria, jakinda espeziearen egoera oso larria dela...


Basoilo handiak hegaz

Euskalerrian oraindik geratzen omen da basoilo handi populazio txiki bat Naparroaren hegoaldean, ea babes neurriak egokiak eta eraginkorrak diren hegazti ikusgarri honen biziraupena eta hedapena bermatzeko.



 Hurrengora arte!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina