2021(e)ko abenduaren 26(a), igandea

Arrano Arrantzalea Maria-Errotan!

 Pasa dan domekan, hilaren 12a, Iñaki Gezuragak arrano arrantzalea ikusi eban gure Learen estuariotxoan. Sorpresa galanta izan zan, ez dalako bertan, egia esan, ezer berezirik normalean agertzen... Gartzak (Koartza hauskara batuaz), gartzetak (koartzatxo txikia), kuliska txikiak, martin arrantzaleak eta santzez aparte, ez da normalean besterik ikusten. 

Arranoa, Arropain ingurutik Maria-Errota aurreko posteak bitartean ibilten zan, eta Zubieta jauregiko zipres-tzarraren adar siku baten puntan egoten zan gosata (pausatuta, parata).

Arrano arrantzalea Zubietako zipresaren adar puntan

Arrano arrantzalea Zubietako zipresaren adar puntan

Hiru bidarrez ikusi genduan platuxa bat hatzaparretan daroiala, arrantzale abila eta moko-fina!


Arrano arrantzalea platuxa hatzaparretan daroiala

Zubi ondoko Eiguren Untziolatik Zubietara tarteko zirga-bide ganeko porlanezko posteetara joten eban arrain eta guzti, bertan jateko asmoagaz, baina kontrako erreka-bazterreko bidegorritik jentea pasakeran ixutu egiten zan eta alde egiten eban.

Arrano arrantzalearen pausalekuak

Arrano arrantzalea platuxagaz postean (haunditu eta erpeak ikusi!)

Arrano arrantzalea platuxagaz postean 

Arrano arrantzalea platuxagaz postean (arraina bizirik ondino, begitu zakatzak)

Orduan, arraina hartuta ostera be Arropain aldera joaten zan beste pausaleku nasaiago baten bila...



Arrano arrantzalea hatzaparretan platuxa daroiala

Ale gaztea zala igarten jakon, bizkarreko eta hego ganeko lumen bazterrak argiagoak eukozalako, orokorrean itxura "eskamatua" emonez.

Arrano arrantzale gaztearen bizkar "eskamatua"

Horrez gane, eraztunduta egoala konturatu ginan; Aitor Galarza aditua eta Urdaibaiko arrano arrantzalearen birsartzeko proiektuaren zuzendaria danari bota geuntsazan jagokozan watxapak, eta eraztuna irakurteko eskatu euskun. 

Arrano arrantzalea Iñaki Gezuragen argazkian, eraztuna ikusten jakolarik

Aitorrek botatako erronkiari kolpe geuntsen, eta eginiko argazkiak hasi ginan aztertzen, ia kodea irakurterik bageunkan.


Ezkerraldean goian, "1"... eta azpian..."6" izan leike...

..."C" eta "B"! "C1-B6"
Eraztun baltza "C1-B6" kode zuriagaz... Aranzadi Zientzia elkartearen colouring.eus atarian sartu genduan, eta egun gitxira heldu jakun erantzuna.

C1-B6 arrano arrantzaleaen historiala, colouring.eus atariak bidalia

Aurton txita bat zala Alemanian eraztundua, azaroan Irungo Plaiaundiko parke ekologikoan ikusi izan zan, eta ostean Lekeition.  Abenduaren 5ean ikusi eban iñakik lelengokoz, eta 10ean, barijakua, azkenengokoz; ordutik ez da gehiagorik ageri. 


Nora joan ete jaku?









2021(e)ko abenduaren 6(a), astelehena

Txirrinak

 Txirrinak Lekitton, batuaz Txenadak, erderaz Charranes, inglesez Terns, Sternes frantsesez...

Txoriak.eusen Euskal Herrian emoten jakezen beste izen batzuk topako dozuez. 

Txirrina izen onomatopeikoa iruditzen jat, horrelako Krriiii... bat egiten dabelako, eta erderazko Charrán agian bebai. Beste izenak, txenada barne, Sterna generoaren izen zientifikoagaz batera, berba bardinetik datozela dirudi, eta ez dakit zer jatorri daukan.

Kalatxori antzeko txoriak diraz: soin zuria dauke, eta hego ganea eta lepoa grisa, baina tamainaz txikiagoak. Buruan txapel baltza daroe normalean, eta mokoa fina eta zorrotza dauke, espezieen arabera kolore desbardinetakoak; hego luze zorrotzakin, eta oso hegaldi dotorea, liraina daukenak. 

Txirrina Thalasseus sandvicensis eta santza Larus michchellis alkarren ondoan Karraspion



    Txenada hankabeltza Thalasseus sandvicensis

Ale hau Kurlutxun atrapa neban, arrain bila ur-bazterra miatzen ebilela, Karraspio, Isuntza eta errekaren ahoan zehar gora eta behera eta buelta ostera be...



Txenada hankabeltza Thalasseus sandvicensis

Holako batean, arraina ikusi, eta aidean kontorsino bat eginez buruz behera botaten diraz uretara, kopla txiki bat balitzan dzangadia eginez, eta ura jo orduko ostera be aidean dago...

Argazkietakoa "hankabaltza" espeziekoa da, gure kostaldetik gehien ikusten dana, baina beste espezie batzuk bebai ikus geinkez, txenada arrunta Sterna hirundo, eta batzuetan txenada artikoa Sterna paradisaea, hau gaitzagoa, migrazinorik haundienetakoa egiten dauan txoria: artikotik antartikoraino, betiko udan biziz.

Anidamiento (rojo), invernación (azul) y rutas de migración (verde)Txenada artikoaren migrazinoia: gorriz kumatze eremuak iparraldeko uda sasoian, urdinez negua igarotzeko eremuak hegoaldeko udia aprobetxatuz

Txirrinak pasokoak diraz geurean: Udabarrian martitik maiatza bitartean iparralderuntz, eta udagoienean iraiala eta urrian hegoalderuntz bueltan datozela.

Hurrengo argazkietakoa txenada hankabeltza espeziekoa da bebai, guretik ugariena, Eukeni txalupatik eginak.






Txirri edo txenada hankabaltza, Thalasseus sandvicensis

Txirrinen artean haundienetakoa da hankabaltza, eta ikus leiken modura, moko luze baltza dauko, punta horiagaz (arrasgo hau erraz somatzen jako, eta espeziea identifikateko giltzarri izaten da).

Hurrengoa bitxikeri bat izan zan, Txenada bengaliarra Thalasseus bengalensis.



Txirri edo txenada bengaliarra, Thalasseus bengalensis

Ikusten dozuen modura, hankabaltzaren oso antzekoa da, baina moko laranja dauka honek.

Txirri honen bizilekua askoz ekialdeagora dago, Ozeano indikoan batez be, eta gugandik hurren, Libian egiten dabez kunak, hurrengo mapan agertzen dan lez.

Txenada bengaliarraren hedatze mapa

Beraz, paso sasoian Gibraltargo itsasartetik ez diraz gaitzak ikusten, baina gure kostaldetik bai. Gertatzen dana da ale gitxi batzuk, txirri hankabaltzakin nahastata Frantziako Arcachongo Banc D´Arguingo kumatze kolonietara joaten dirazela, eta horretakoren bat izango zan hau... sorpresa polita!





Txirri edo txenada bengaliarra Thalasseus bengalensis

Euren neguko kuarteletan dagoz orain txirrinak, baina laster hasiko da eguna luzatzen, eta konturatu orduko pasako diraz lelengo aleak Lekittotik iparralderuntz... hori bai, tamalez honek be, txori guztiak lez, gero eta kopuru txikiagoetan. Nagusiak kontaten dabe euran gazte denboratan aldra haundiak etorten ziriala, eta normala zala dozena bat grano be portuan bueltaka ikustea... orain, bi batera ikusi ezkero, pozik.

Adi egon eta ondo segi!