2022(e)ko maiatzaren 8(a), igandea

Izurda haundiak Farol azpitik

Martia-Apirila, berdel sasoia izaten da, eta berdelaren atzetik izurda haundiak etorten diraz. Aurton izurda asko ikusi da kostatik. Itsasoa bare samar egonez gero, katalejoakin eta pazientzia apur bategaz, erraz ikusten zirian Faroletik; urruntxoago batzutean, hurrago beste batzuetan.

Apirilaren 15ean, Barijaku Santuko arratsaldez, Dani Garcia lagun naparragaz bertan geratu nintzan kafea hartzeko, eta heldu eta batera, izurda haundi (Tursiops truncatus) talde eder bat pasaten ebilen justo farol azpi-azpitik. Jai eguna izanik eta eguraldi ederragaz, turista piloa egoan bertan eta sinistu ezinik goza eben ikuskizunaz, mugikorrakin grabaten eben bitartean.

Izurde handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik igarotzen

Lau ostera egin ebezan farol azpitik berdelaren atzetik ziurrenik, hain hurre argazkiak egiteko aukera be emon ebela. 




Izurda handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik

Batzuetan taldetxoka ibilten diraz, alkarrengandik estu-estu...


Izurda handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik

Gaitza izaten da zenbatzen zenbat grano egon daitekezan izurda talde bat ikusten danean, batzuk azaleratzen dirazen bitartean, beste hainbeste edo gehiago egon leitekezalako azpian.
Adituak, kopurua kalkulateko, azalean ikusten dirazenak bider hiru egin behar dala dinoe. Horrela eginda, 30 granotik gorako taldea izan eitekean

Izurda handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik

Horrelako batean, karelez kanpoko motordun txalopia agertu zan izurdak ikusten, eta bere branka aurrean saltoka hasi ziran, erakustaldia eskainiz, olgetan lez.

Izurdak txalopa aurrian saltoka

Hurrengo argazkietan, aurrez datozela espirakulo edo surtzilua ikus dakikeez, eta zehaztasun bateri erreparatuko dotsagu.




Izurda haundiak (Tursiops truncatus) aurrez datozela

Izurdak zetazeo odontozetoak diraz, eta odontozeto guztiak lez, burezur asimetrikoak daukez. Eskumaldeko burezur erdia ezkerraldekoa baino haunditxoagoa izaten da, eta ondo begiratuz gero, ikusiko dogu surtzilo hori apurtxo bat ezkerraldera okertuta
daukela. Kasorik nabarmenena zeroia da, espirakulua muzturraren ezkerraldean daukelarik.
Izurda haundiaren buru asimetrikua

Aitatutako asimetria hori agertuten daben izurda haundien burezurren argazki bi, internetetik hartu dodazanak.
Izurda haundien (Tursiops truncatus) asimetria erakusten daben burezur bi


Hurrengo diagraman ikus leike zetazeoen kaskarraren eboluzioa, odontozetoak asimetrikoa garatu dabelarik, eta mistizetoak, bizardun baleak ostera, simetrikoak.

Zetazeoen burezurren eboluzioa

Arbaso artiodaktilo batetik eboluziona ei ziran arkeozetoak, burezur asimetrikoa garatuz, eta eurengandik, mistizetoak burezurraren simetrikotasuna berreskuratu dabelarik eta odoztozetoak, asimetrikotauna mantentzen dabenak.
Badirudi asimetrikotasuna lagungarri suerta daitekela ekolokalizazioan, soinuak alde batetik edo bestetik era desbardinez jasotzean, objektua zehatzago kokatzeko momentuan.

Amaituteko, izurdak alde egin ebeneko bideotxoagaz itziko zaituet.
















iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina