2021(e)ko martxoaren 13(a), larunbata

GABILARAK

 Gabilaria esaten jako Lekitton batuko Belatz handiari, Falco peregrinus edo gaztelaniazko halcón peregrinoari. 

Belatza, gabilaria, munduko animalirik bizkorrena da, hegoak tolestuz goitik behera botaten danean 300 km/hko andaria hartu leike, harrapakinak ezustean atrapatuz. Gabilarak ornitofagoak diraz, hau da, txori hutsez elikatzen dira, ez dabe besterik atrapaten.

Sasoi baten, badiraz urte batzuk honezkero, elizako txuntxur batean egoten zan bat bertan talaia hartuta, plazako usoren bat despista eta atrapateko prest.

Baekian islako puntako erlaitz batean egoten, itsasotik txoritxuak noiz pasako zain, eta antza danez, habia be egiten eben islan.

Bazirian urte batzuk islako gosaleku (edo pausaleku) horretan ez nebana ikusten, eta pasa dan otsailaren 17an, teleskopioagaz santzari begira nagoela, sorpresa! Gabilara bikote bat islako puntan!

Gabilara ar-emiak, belatz handiak batuaz,  falco peregrinus

Gure inguruan aspalditik bikote batek egiten dau habia Otoioko amiletan (edo labarretan).

Talaiara igonez gero, ez da gaitza gabilararen bat ikustea, eta pazientzia eta prismatiko batzuekin agian ikusiko dogu pikau ikusgarriren bat egiten.

Gabilaria pikaua egiten, Talaiatik

Eguaztenean, hilaren 10ean, itsasora urten neban Julen Santa Kristina eta Lander Unzilla lagun txorizaleakin, koplakin disfrutatzeko asmoagaz, baina karrabasoari nahi izan geuntsen bisitia egin lehenengo. Santa Katalinako bideko amiletara hurreratu ginan, eta bertan topa genduan gabilara bikotea. 

                                                                    Gabilara ar-emeak 

Ezkerraldean arra eta eskumaldean emea, askoz handiagoa. Arrak 600 gr inguru pisa leike, eta 900 bat emak. Enbergaduraz, 90-110 cm bitartean.

Emeak hegaz urten eban itsasoruntz eta ostera zabal bat egin eta gero, barriro batu zan deika geratu jakon arragaz.

Gabilara arra ameari deika

Orduan ikusi geuntsen emeari hatzaparretan ekarren harrapakina, bidegarroa (Turdus philomelos) dirudienez. 
Gabilara emea harrapakinagaz

Eztei sasoian arrak opariak egiten deutsoz emeari, erakarri nahian eta erakutsiz ehiztari jajoa dala eta senar egokia, halan da ze. Nik uste dot horixe zala emeak eukona, eta nik ez baina Landerrek bata bestearen ganean ikusi ebazala esan eban. Ez genduan izan momentu intimo hori izorratu, eta beste argazki sorta bat botata, itsasoruntz egin genduan, gabilarak paketan itzita.

Gabilara emea harrapakinagaz

Itxaropena daukat bikote barri bat izan leikela, habia leku barri bat sortzekotan. Horrela balitz, espektakulo ederrak emongo deuskuez euren ehizaldiekin farolera paseaten goazen bitartean: paisaia ezin ederragoak, eta naturaren ikuskizunak herrian bertan! Badago gehiago eskatzerik?

Gabilara bikotea haitzetan

Amaitzeko, eguaztenean eginiko argazki sortatxo bat ipiniko deutsuet. Disfruta egizuez.








Agur!











2021(e)ko martxoaren 7(a), igandea

Marikua eta beste txori batzuk

 Pasa dan zapatuan, hilak 13, itsasora urten neban. Bagia egoan (olatu handi samarrak, baina periodo luzeagaz), baina haizerik bapez, eta ahal zan ibili. Ganera tarteka eguzki ederrak urteten eban.

Hasi nintzan santzari ogia botaten, aldra ederra batu neban, eta eraztun batzuk harrapa nebazan.

    4A2G Santza, Kaio hankahoria (Larus michahellis) Garraitzen jaio eta eraztundua 2012an.


    7X6G Santza, Kaio hankahoria (Larus michahellis), Getarian jaio eta eraztundua, 2016an.


   GAHJ Santza, Kaio hankahoria (Larus michahellis), 2019ko neguan Ondarrun eraztundua. 2018. urtean jaioa, ez dakigu non.

Itxasoa ispilu baten legez egoan gune batzuetan. Santz asko biltzen dirazenean, urrin-urrinetik ikusten diraz, eta inguruko txoriak hurreratzen diraz pentsatuz arraina edo jatekoa behintzat, egongo dala bertan (hauxe da gure trikimailua itxas txoriak ikusteko).

    Adin desbardinetako santz eta kaioak, ogitara bilduta.

Koplak...



    Koplia, zanga batuaz (Morus bassanus) alcatraz erderaz.

Kaio baltzak...       kaio baltzak santzen lehengusu handiak diraz. Wikipedian Kalasantza dakar hegazti honentzako; nik ez dot berba hori Lekitton entzun, baina Azkueren hiztegian Lekitton jasoniko berba modura dakar: "Kalasantza: gaviota de las más hermosas de nuestra costa; es una de alas más negruzca que la llamada santza". Nire ustez kaio iluna be izan leike...


     Kaio baltza (Larus marinus), gavión erderaz.

Martinen eskuadrila supersoniko bat...

Martinak (Puffinus mauretanicus) Gabai balearrak batuaz, paredelas baleares erderaz.

Martin balearra (Puffinus mauretanicus)

Andara batean pasaten diraz eta gaitzak diraz argazkiak egiten, konturatu orduko popaz harrapatzen dozuz.

Antxeta hankabeltz heldu batek be egin eban osteratxu bat, eta pare bat argazki bota ahal izan neutsazan. Aurreko sarreran aitatu neban zeozer antxeta edo kalatxori honetaz, ia eurakaitik esaten ete daben itxas gizon nagusiak "pikoamarillo, pikamaillo", edo antzeko zeozer.

    Antxeta hankabaltza (Rissa tridactyla), gaviota tridáctila erderaz.

     Antxeta hankabaltza (Rissa tridactyla), gaviota tridáctila erderaz.

 
    
    Arrasgo bereizgarria dau hegoen punta baltzak, "tinteroan bustita" legez. Oso politak  diraz, eta ikusten gaitzak.

Kaio aldra handi bat batuz gero, suerte apur bategaz inguruan ibil leiken marikoren bat agertu leike, jatekoa ostu nahian. 

Marikua (Stercorarius skua), txori piratia da (preatia esaten eban batek), ez daki arrantzan eta beste txoriari ostuten deutse jatekoa, jazarriz, bere erpe zorrotzakin erasotuz, paparrean daroen arraina gonbita arazo arte! Parasitismo mota honeri kleptoparasitismoa deituten jako. 

    Marikua (Stercorarius skua), págalo grande erderaz.    

    Marikua (Stercorarius skua), págalo grande erderaz. 

Ikusgarria izaten da: marikua bistara agertertu orduko badakizu datorrena, karranka zarataka eta auskan dabizen santzak, bapatean ixildu eta urteten dabelako danak hegaz kohete baten lez norabide bardinean, goruntz. Beste alderditik laster agertuko da marikua. Itzala da zelako ikaria eragiten deutsen!



Begitu bere erpeak eta mokoa...

    Marikua (Stercorarius skua), págalo grande erderaz. 

Lekitton, mariko da marikua (ian azentuata), giputzak eta batuaz ostera, marikoia. Nik ez dakit mariko izena nondik etor leiken, baina erezten jat beste "marikoi" hori, erderazko biraoren eraginez izen jatorraren korrupzioa izan leikela... Txitxarro marikoia be esaten dogu, eta entzun neban jatorrian mareako txitxarroa, mariko txitxarrua legokela. Batek daki!

Laster arte, ondo ibili!