2024ko irailaren 15a urrez grabatuta geratuko da "KULIXKA"ren historian. Eguna oker hasi zen: txango pelagikoa geneukan programatuta 10 txorizalekin, eta "KULIXKA"k ez zuen arrankatu nahi izan. Asier patroiak eta Dani mekanikoak arazoa konpontzeko ahalegin guztiak egin ostean, pieza bat aldatu behar zela ebatzita eta ordezkorik ez zegoelarik, "B" plana aktibatu genuen: Asierrek sei lagun eramango zituen Isuntzaren Arraunlarin (estropadetako balizak ipintzeko erabiltzen duten txalupa zaharra), eta nik nire Eukenin (beste txalupa zahar bat, baina poztasun handiak ematen dituena) beste lauak.
Amaia Alzaga, Oskar carazo, Karmelo de Dios, Iñaki gezuraga, Asier Sarasua eta Josemi Soler, "Arraunlari"n Asier Mendieta patroiagaz
"Eukeni" portutik irtetzen, neu patroi, Olaia Garmendia, Julen Vega, Iziar Goitia eta Joseba del Villaregaz (ezkerretik eskumara)
Eguraldi ederrarekin abiatu ginen, ipar-ekialdeko olatu handi samarrak zeuden, baina aurreikuspenak baretzen joango zela zioen eta ilusioz beterik, itsasoari branka emanez abante egin genuen.
Lekeitiotik 6 bat itsas-miliara, txori metaketa handiak ikusi genituen eta euretako batera abiatu ginen. Tunidoek azaleraturiko anten antxoa txikia jaten ari ziren zanga gazte Sula bassana pilo bat (poz handia eman zigun honek, ezagututa espeziea pairatzen ari den hond hamendia hegazti gripearen eraginez) espezieari eragindako sarrakia, eta haiekin batera gabai arreak, handiak, balearrak baita arrunten batzuk ere.
Horrelako multzo batean Cabo Verdeko gabaia zegoen, gerora aztertutako argazkietan ikusi genuenez, baina bertan ez ginen inor ohartu.
Hegazti interesgarri ugari zebiltzan azaleratutako arrain sarden inguruetan, eta gu liluratuta geunden batzuei eta besteei begira...
Sabine antxeta Xema sabini bat ikusi genuen, antxeta txiki Hydrocoloeus minutus batzuk ere...
Horrelako batean izan zen, antxeta txiki batzuren atzetik gindoazela, gabai arre taldetxo bat ikusi genituela uretan pausatuta, eta ondotik pasatzean altxa zirenean, euretako batek atenzioa eman zigula: zer 💥💥💥 izan da hori?
Hegan irten ziren eta ,popaz, ezer argitzen ez zuten argazki batzuk bota genizkion...
Zorionez ehundaka metro batzuk aurrerago ostera ere pausatu ziren eta geldika-geldika hurreratu ginen euregana... hurreratu ahala hasi ginen ikusten gabai arre desberdina zela, txikiagoa, ilunagoa... argazkiak bota, kamaran bertan handitu, aztertu, eta moko mehe eta grisa ikusten zitzaion (gabai arreen moko horiaren oso desberdina) Cabo Verdeko gabaia zen!!
Cabo Verdeko gabaia bertako eharteetako espezie endemikoa da, bertan baino ez ditu kumak egiten, eta euren migrazio joerak oso ezagunak ez diren arren, badakigu hegoameriketako kostaldetara joaten direla eta ez dira Cabo Verde baino iparralderago normalean ikusten, Canariar uhartetan eta Madeiran behaketen batzuk badaude ere; hau, Europa kontinentalerako lehenengo behaketa dokumentatua (argazkiz) izan da. (Beste behaketa bat dago Galiziako Estaca de Bares lurmuterrik egina, baina argazkiz dokumentatu barik eta ez da homologatua izan; bai, ordea, geurea.)
Jarraitu ginen hurreratzen eta argazkiak egiten, berriro ere hegan altxatu zen arte, eta bila ibili baginen ere, ez genuen gehiagorik ikusi.
Itsas enara beltzak ikusi genituen, ipar-txenadak, marikaka isatslaburra hauei erasoka, baita gauza liluragarri gehiago ere; baina Cabo Verdeko gabaia desagertu egin zen.
Eta horrenbestez, Lekeitioko portura itzuli ginen egindako behaketa ikaragarriaren emozioaz pozarren eta partekatzeko eta zabaltzeko irrikaz!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina