2022(e)ko azaroaren 22(a), asteartea

Kaio hegalzuria

 Kaio hegalzuria, Larus glaucoides, gaviota groenlandesa erderaz, Iceland gull inglesez eta goéland arctique prantsesez. Izenak argi agertzen dabe bere jatorria.

Ez dira bape ohikoak gure inguruetan, baina ia neguro agertzen da bateron bat, batez be ekaitz gogorren batek jo dauenean

Hori da hain zuzen be egunotan gertatu dana gure kostaldean. Ikaragarria izan da lur-muturretatik ikusi ahal izan diran itsas-txori piloa, bai espezie desberdinen kopuruari jagokona zein ale kantitateari. 

Euren artean jorjatxu (jorja, harribitxi, joya Lekittion) hau agertu zan Karraspion.

Kaio hegalzuria Karraspion lurra hartzen

Kaio hegalzuriak Groenlandian kumatzen dabe, eta neguan apur bat beherago mugitzen diraz, baina ez normalean gure latitudetaraino.

Ekaitzek ekartzen dabe neguan aleren bat, gazteak normalean, kaioak orokorrean gaztaroan euren jaioterritik gehiago aldentzen dira eta.

Kaio hegalzuriaren hedatze mapa: laranjaz kumatze eremuak eta urdinez negua igarotekoak. Wikipediatik; egilea: Cephas

Ale hau, halanda ze, gaztetxoa zan, aurton jaionikoa, hain zuzen be. Helduak dirazenean, zuriak izaten diraz azpitik eta hego ganea gris argia izaten dabe eta hego punta baltzik barik.

Kaio hegalzuria eta kaio iluna Larus fuscus bere aurrean

Kaio hegalzuria Larus glaucoides, Karraspion

Zorionez, eguraldi txarra tarteko, txakurrik ez ebilen hondarrean, osterantzean ez zan gosako eta ezin izango genduke ikusi. Halanda be, marea gora etorren, leku gitxi geratzen jaken hondarrean, eta olatu bategaz batera, bera eta bertan gosata egoazan beste kaio gitxi batzuk hegaz altza zirian...

Ni farolera juan nintzan, mendebalde gogorra egoalako eta itsas hegazti pase ikusgarria ebilelako: kalatxori txikinak, potorruak, matxiplakak...

Bertan geratuta nengoan Juankar Andrés lagun eta txorizale handiagaz, eta holako batean, begira gabizela...



Kaio hegalzuria Santa Katalinako farol aurretik igaroten

Gure aurretik pasa zan mendebalderuntz.

Orain dala urte bi, 2020ko azaroan, beste bat, 1.go negukoa ha bebai, ikusi neban itsasoan "Eukeni", nire txalopatik.

Kaio hegalzuria Larus glaucoides; ez al da ederra?




Kaio hegalzuriaren bista desbardinak

Kaio hegalzuria bertoko kaio gazte batzuren artean

Hile batzuk arinago, 2020ko martiko 3an, beste ale bat ibili zan Ondarruko portuan, eta bertara joan nintzan ikusten...




Kaio hegalzuria Larus glaucoides, Ondarruko portuan
Kaio hau, Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia saileko kideak eraztundu eben, bere nondik norakoen barri izan ahal izateko.

Hortik eta gitxira COVIDarengaitik pandemia deklara zan, eta danok geure etxeetan ezin urtenik geratu ginian, eta...


Kaio hegalzuria Kurlutxupean

Kaio hegalzuria Islako moilan

Hilaren 24an, balkoitik begira, sorpresa! Kurlutxupean, errioan, Agapita!
(GAPT kodea ezarri jakon eraztunean, eta ezizen hori ipini eutsagun)

Agapita, bere eraztunean GAPT kodea ozta-ozta irakur leikela

 Niri bisitia bueltaten etorri zan Lekittora... ilusio haundia egin eustan, gengozan egoeran.

Honetxek neuk ikusiniko kaio hegalzuriak, ia gehiago datozan!

 

2022(e)ko azaroaren 15(a), asteartea

Martin Zuria edo Fulmarra

 Fulmarra gure itsasoan nekez ikusten dan txoria da, kostatik 22 behaketaldi baino ez dagoz azken 10 urtetan, "Ornitho.eus" plataforman, euretako 4 hilda.

Itsasora urten ezkero, aukera gehiago dago ikusteko, baina halan da be, gitxi. Nik birritan baino ez dot ikusi, eta lehorretik, Santa Katalinako faroletik, behin bakarrik. 

Iparraldeko hegaztia da, Atlantiko eta Pazifiko iparraldeko itsasoetakoa.

Fulmarraren hedatze eremuak; kumatze guneak horizko

Ez da, halan da guzti be, gure arrantzalientzako ezezaguna. Lantzean behin ikusten dabe, eta euren ibilietan iparraldera jo dabenean, Irlanda aldera eta ugari ikusi dabe. Arrastan ibilinikoak be iparraldeko itsasoan, Gran Solen eta, ederto ezagutzen dabe txori hau. Gure arrantzaleentzako, martin zurija da txori hau, izan be, martinen antzeko hegakera dauka. Ez dauka baina, martinak beste onespen kulinariorik. Martin zuriagatik "dana koipia" daukola kontaten dabe... normala, iparraldeko eguraldi hotzari aurre egin behar badeutse.

Batuaz zein erderaz fulmar da bere izena, Fulmarus glacialis izen zientifikoa.

Aurreko batean, Ondarrutik urten genduan Jose Muñozen "Katxarrote" eta Andoni Burgoaren "Sanse" Zodiacetan txoriketan, mazia bota genduan txoriak erakarteko, eta martin zuria hurreratu jakun.




Martin zuria gosata

Santza baino apur bat txikiagoa da, baina trokoa, buru haundia eta moko lodia. Moko oso berezia dauka, zatika egina lez, eta arreta deitzen dabe tutu moduko surtziloak (sudur zulo), eta moko mutur kakodunak.

Hurreratu ginian, eta azkanean hegaz altza zan...


Martin zuria aireratzen





Martin zuria aireratzen



Martin zuria hegaz. Ikusi mokoaren berezitasuna

Hegaz gure inguruan pare bat ostera egin eta gero, uretan gosa (pausatu, Lekitton) zan barriro. Izan be, mokoaren tutuak tarteko, usainmen honeko piztia da, eta gure maziak isurtzen eban hatsa erakargarriegia zan bertatik alde egiteko.



Martin zuria hegaz


Agur!