Nik entzun ahal izan dodanez, kulinka izena emoten jake Lekitton limikoloari: kulinka txikinak edo kulinka nagosiak tamainaren arabera, baina banaketa gehiagorik zehaztu barik.
Aurton berandutu egin da euran migrazinoia maiatzean jo dauzen kontrako haizeak dirazela, eta hiru granotxo ibili zirian islako moilan indarrak hartzen. Bakoitza espezie batekoa: batuazko txirri arrunt Calidris alpina bat, txirri zuri Calidris alba bat eta txirritxo handi Charadrius hiaticula bat (erderaz "correlimos común", "c. tridáctilo" eta "chorlitejo grande" hurrenez hurren.
Txirri arrunta Calidris alpina
Txirri zuria Calidris alba
Txirritxo handia Charadrius hiatucula
Islako moilan ebizen oraldia mokokatzen kokotxuen bila, baina jentearen joan-etorriakin aztoratuten zirian eta ez euken pakerik...
Kulinkak eta hankak
Sasoia aurrera doia, eta dagoeneko eztei-lumajea nahiko garatuta euken: txirri arruntari papar eta sabel azpia baltzitu egiten jake.
Txirri arrunta eztei lumiagaz
Txirri zuria ganetik gristxua izaten da neguan, eta kolore gorriztak ipinten jakoz udan.
Txirri zuria eztei lumia garatzen, ondino irakintxu bat falta jako
Txirritxo handiari bizitu egiten jakoz samako eta bekokiko zerrenda baltzak (hau emia da agian, eta ez daukoz horren markata), baita mokoaren oinarria eta hanka laranjak be.
Txirritxo handia
Honek alde eginda, aurrera egin neban islaruntz...
Kulinkak, kurlinkak, txurlintak, kuliskak... herri bakoitzean bere erara. Lekitton kulinka eta kuliska, biak entzunda nago, eta nagosiak edo txikinak. Izen horrekin marea beherak azaltzen dauzen basatzatan ibili eta elikatzen dirazen hegaztiak izendatzen diraz: limikolak, orokorrean.
Kulinka nagosiak handiak litzatekez, moko mokerra daukenak Numenius generokoak, (erderazko zarapitos); inoiz ikusi dodaz Lekeition, baina oraingoan ez dot haren argazkirik ipiniko.
Kulinka txikiak era askotakoak dagoz, espezie sorta zabal samarra da, baina pentsaten dot Lekeition danak zaku baten sartzen dirala. Ikus dagiguzan Lekittotik pasaniko batzuk:
Kuliska txikia, Actitis hypoleucos, erderaz "andarríos chico". Maria-errotako basatzatan urte osoan errez ikusten dan txori txikia, popia gora eta behera etenbarik astintzen dabilelako segidan ezagutuko dozue. Inoiz islako moilatik zehar be ibilten da jateko bila.
Kulinka txikia maria-errotaren anteparako basatan, marea beherean.
Kulinka txikia Maria-Errotan.
Txirri arrunta, Calidris alpina, "correlimos común" erderaz, negutiarrak diraz geurean, eta pasokoak Lekeition. Urdaibain neguan zehar kopuru ederretan ikus leikez, baina Lekeition, bakarrik lantzean behin agertzen da aleren bat bidaian geldialdi eginez, udabarrian edo udagoienean, islako moilan elikatzen edo atseden egiten... denbora laburrez, imaginako dozuen moduan, hainbeste jente gabilz eta.
Txirri arrunta
Txirri zuria, Calidris alba, "correlimos tridáctilo" erderaz. Pasokoak. Txori txikitxo honek, munduko migratzailerik handienetakoak diraz: artikoan egiten dabez kunak udan, eta neguan hego hemisferioraino joaten diraz, hego Afrika, hego Amerika edota Zelanda barriraino! Zorte haundia da horrelako batean txirri zuri aldratxo batek Karraspioko hondartza atseden egiteko aukeratzea, eta bertan ikusi ahal izatea, kontutan hartuta zenbat jente, txakur... ibiliten dan bertatik; zoritxarrez ez da hau urtero suertatzen.
Txirri zuriak Karraspion elikatzen
Espektakuloa da olatuekin jantzan gora eta behera zelan dabizen ikustea, urak dakazen ornogabeez elikatzeko.
Txirri zuria. Argazki honetan eta aurrekoan ikus leike bere erderazko "tridáctilo" izenaren arrazoia: 3 behatz besterik ez, atzeruntz orporik ez dauke!
Txirri zuria Komentupeko hatxetan
Txirritxo handia, Charadrius hiaticula, "chorlitejo grande" erderaz. Pasokoak honek bebai, udabarrian eta uda amaieran errazagoak ikusteko txirri zuriak baino, Karraspion, islako moilan...
Txirritxo handia. Ale gaztea islako moilan
Hegabera, Vanellus vanellus, "avefría" erderaz. Erderazko izenak argi adierazoten dauen lez, neguko hotz gogorrakin etorten dan hegaztia da. Inguruko baserrietako landa edo zelaietan agertu leike aldren bat.
Hegabera, erreka bazterrean
Ale eder hau, marea beherean islako moila eta erreka bitarteko hondarretan topa neban. Zelako koloreen ederra!
Asko tarda dot azkan sarrera hau egiten, ea hurrengoa arinago datorren!