2023(e)ko urtarrilaren 22(a), igandea

3 Matxiplakak!

 Ekaitz-txori txikia Hydrobates pelagicus, Ekaitz-txori handia Oceanodroma leucorhoa eta Wilson ekaitz-txoria Oceanites oceanicus diraz, nagusiki, gure uretan ikus leikezan matxiplakak. Aurton, pare bat bider 3 espeziak batera ikusteko aukera izan dogu, eta ez da gauza bat be ohikoa. Azkena azaroan, eta 3rak batera ikusi genduzan! 

Horra erreportajea, eta espezie desbardinen ezaugarri, bereizgarri eta alderaketak:

Ekaitz-txori edo matxiplaka txikiak, gure kostaldeko ugartetxoetan egiten dauz kunak, eta urte osoan ikusi daitekez. 

Matxiplaka txikia Hydrobates pelagicus, jaten

Matxiplaka haundiak (Leach ekaitz-txori be esaten jakena) iparraldean kumatzen diraz, eta udagoienean eta neguan ibilten diraz gure uretatik. Aurtongo ekaitz aldietan, ikusgarriak izan diraz kostaldetik ikusi dirazen matxiplaka haundien paseak, milaka eta milaka ale zenbatu ziran Higer, Getaria edo Matxitxakoko lurmuturretatik. Lekeitioko Antzorizko Santa Katalinatik be asko ikusi genduzan.

Matxiplaka haundia Oceanodroma leucorhoa, jaten

Antzorizko Santa Katalina lurmuturra kostaldeko aintzineko mapa batean

Wilson matxiplakiak hego-hemisferioan daukaz habia-lekuak, Antartika inguruko kostalde eta ugarteetan hango uda danean, hau da gure negu sasoian. Kumak egin ostean iparralderuntz igoten dabe hango negutik ihesi, eta ipar Atlantiko eta Pazifikotik zehar sakabanatzen diraz. 

Bizkaiko Golkoan, Maiatzetik eta Urria bitartean ibilten diraz normalean.

Wilson matxiplakia Oceanites oceanicus, jaten

Aurtongoa urte berezia izan da, hego haize gogorrak egin dauz, badirudi honek oztopatu egin dauela Wilson matxiplaken hegoalderako bidaia, eta azarora arte ahal izan doguz txori honek gure uretan ikusi.

Uda aldean Wilsonak ikusten dira eta Leachak neguan, ez dira normalean batera ikusten, baina aurton, aitatutako eguraldiok ahalbidetu dabe egoera ez ohiko samarra: 3 matxiplaka espezie horrek batera ikusi ahal izatea.

Lehelengoz, urriaren 6an, KULIXKA yatan eginiko txangoan; eta hilabete geroago, azaroaren 5ean Ondarrutik urtenda "Zodiac" bitan, ostara be eta honezkero Wilsonak ikusteko sasoia oso pasata, ikusi genduzan 3rak batera.

"KATXARROTE" zodiaca, Jose Muñoz patroi, eta matxiplakia, Andoni Burgoaren "SANSE"tik Oscar Carazok eginiko argazkian

Biharamonean, azaroaren 6an "KULIXKA"tik, beste Wilson matxiplaka bi ikusi genduzan, matxiplaka txiki edo europar batzurekin batera, oso data berantiarrak espezie horrentzako. Egun horretan ez genduan Leach matxiplakarik ikusi...

Lekittoko arrantzaliak badakie matxiplaka haundia bereizten, besteak baino nabarmen haundiagoa dalako, Wilsona, ez dakit ba...

Matxiplaka haundia atzean eta txikia aurrean

Matxiplaka haundia goian eta txikia behean

Aurreko argazkietan, matxiplaka haundia eta txikiaren arteko tamainu aldea soma daiteke.

Orain ahaleginduko gara espezie bakoitzaren ezaugarriak aztertzen identifika ahal izateko.

* Matxiplaka txikia: txikia, saguzarraren antzera egiten dau hegaz, hegakada bizkorrak planeo laburrakin tarrtekatuz, eta bat-bateko norabide aldaketak eginez (aurreko sarreraren bidoan ikus daiteken lez).

Lantzean-behin uraren ganean eusten da hegoekin, eta pausu batzuk egiten dauz hankatxoakin, uraren ganetik balebil lez...  

Arrasgo bereizgarria dau hago-azpiko zerrenda zuria. Espezie honek bakarrik agertzen dau ezaugarri hori.


Matxiplaka txiki heldua hego-azpiko zerrenda zurixkia ageri dauela

Aurreko argazki biak azaroan atarata dagoz, eta ikusten dogu luma primarioak lumabarritzen dabilela; horregaitik dakigu heldua dana. Kumaldiak suposatu deutson astinduaren ostean, urratutako lumak ordezkatu behar dabezelako. Azken laurak (luzeenak) zaharrak diraz, eta barriak hazten daukozela ikusten jako.

Matxiplaka txiki Hydrobates pelagicus gaztia, hego-azpiko zerrenda zurixka erakusten

Azkan hau ostera, gaztia da, aurreko udan jaionikoa, eta luma guztiak barri-barri daukoz.

MAtxiplaka txikia Hydrobates pelagicus heldua, lepoz

Lepoz begiratu ezkero, matxiplaka txikiak hego-ganea baltza dauke, uniformea, ezelango marka barik. Aurreko argazkiotako ale helduak ezker hegoko kanpo-primarioak zeharo birrinduta daukoz.

Matxiplaka txiki gaztea lepoz

Ale gazte honek (argazki guztiak 2022ko azarokoak diraz), lumaje barria dauko, eta hegoen bizkarraldean zerrenda argitxo bana agertzen dau. Matxiplaka txiki gaztien ezaugarria da hau.

Matxiplakak baltzak diraz orokorrian, eta ipurtxuntxur edo eperdi-gane zuria dauke, espezie bakoitzak bere ezaugarriakin. Matxiplaka txikiena, ez da oso zabala baina alboetara luzatzen da, azpikaldera apur bat sartuz (argazkiak ikusi). 

* Matxiplaka haundia, ekaitz-txori handia batuaz, paíño boreal gazteleraz, Leach´s storm petrel inglesez eta Océanite cul-blanc prantsesez. 

Izenak argi dinoen lez, bestien aldian haundia da, bikoitza, ia...

Matxiplaka txikia ezkerrean eta haundia eskuman

Hego-zabalera haundiagoa dauka baita proporzinoan be, eta horregaitik planeo luziagoak egiten dituz.

Ekaitz-txori edo matxiplaka haundia, Oceanodroma leucorhoa

Burua argitxoagoa dauko, ez hain baltza, eta moko luzetxoa. Ipurtxuntxur zuriak "V" itxuria dauko, eta batzutan erditik zatituta lez eukiten dabe. Buztana urkula itxuran dauke.


Matxiplaka haundia edo Leach matxiplakia Oceanodroma leucorhoa

Goiko argazkiak nahiko polito erakusten dabez Leach matxiplakaren ezaugarri nagusiak:

Buztan urkuladuna eta hego-bizkarraldean marra argi bana, nabarmenak "ukondo"etaraino, ipurtxuntxurraren "V" itxuraren zurigunaren jarraipena emoten dabena.

Buru-ingurua be argitxoa dauke eta moko luzia.

Azken argazki bi horretako alia heldua da, eta matxiplaka txiki heladuak lez, primarioak lumabarritzen dabil.


Matxiplaka haundia Oceanodroma leucorhoa

Goiko argazkietan aitatutako ezaugarriak ikus leikez eta behekoetan, hego-azpia iluna daukala, zerrenda argirik barik ekaitz-txori txikiak ez bezala. Tamainuaren aldea be bai.


Matxiplaka haundia eta txikia, alderatzeko

* Wilson matxiplakia: txikiaren antzekoa tamainuz, baina hankaluzia,
hego-punta biribilagoak, zabalagoak, eta uraren azalaren ganian saltoka lez ibilten da, ikusgarria.




Wilson matxiplakia Oceanites oceanicus, uraren ganetik aringa-aringa

Bereizgarri nagusia da hegaz doala hankak buztana gainditzen deutsela.

Beste ezaugarri batzuk diraz ipurtxuntxurraren zurigunak alboetatik azpikaldera be zabaltzen jakola (goiko argazkia), "beso" laburra, soinetik "ukondo"etaraino, eta sumatu ahal izan ezkero, behatz tarteko mintza laranja kolorekoa daukela.


Wilson matxiplakia Oceanites oceanicus

Aurreko argazkiotako matxiplakiak bere beso laburra, hanka luzeak eta ipurtxuntxurreko zurigune zabala (gerri-buelta osoa inguratzen deutsona, ia) erakusten deusku.

Wilson matxiplakia Oceanites oceanicus ur-azalaren ganean saltoka

Azkan honetan, behatz tarteko mintz laranjak ikusten jakoz. Hau arrasgo bereizgarria da, arrrasgo diagnostikoa esaten da adierazoteko hegazti mota honek bakarrik agertzen dabela; arrasgo hau sumatu ezkero, Wilson matxiplakia da eta ez besterrik.

Beste arrasgo batzuk diraz hego ganean marra zurixka bana daukola, Leacharen antzera, baina ez hain nabarmenak eta laburragoak, ez jakoz "ukondo"etaraino heltzen, eta ipurtxuntxurretik buztaneko lumetaruntz "kañubeta" itxurako marra zuri batzuk urteten deutsela. Ikusi hurrengo argazkian azkan arrasgo honek.



Wilson matxiplakia bizkarraldea erakusten

Hurrengo irudiak muntaketatxo batzuk diraz, hiru espezieen artean alderaketak egin ahal izateko: hego-ganak, azpiak, ipurtxuntxurrak, mokoak...

Ezkerretik eskumara: Leach edo haundia, Wilson eta europarra edo txikia

Ezkerretik eskumara: Txikia, Wilson eta haundia 

Buruen eta mokoen alderaketa: ezk.tik eskumara, Leach, europarra eta Wilson

Amaitzeko, argazki sortatxo bat:

*Wilson








Wilson matxiplakia Oceanites oceanicus

*Leach edo haundia




Matxiplaka haundia edo Leach ekaitz-txoria Oceanodroma leucorhoa

*Europarra edo txikia





Matxiplaka edo ekaitz-txori txikia (europarra) Hydrobates pelagicus



Atsegin izana espero dot, ia laister sorpresa bategaz natorren!



























 

2023(e)ko urtarrilaren 9(a), astelehena

Matxiplakak eta sarraskia

 Aurreko batean, itsas-txango batetik bueltan arratsaldeko azken argiekin, bulto zuri bat ikusi neban erdi flotaten, eta matxiplakak ebizen inguruan!

Matxiplakia eta zetazeo sarraskia

Oso deskonposata egoan sarraskia eta gaitza da zein zetazeo (horrenbeste bai) espezieri jagokon, baina itxura hartzen deutsat zeroi pigmeoa izan leitekela. Nekez ikusten dan pataria dan arren, lantzean behin agertzen diran hildako aleakaitik badakigu gure uretan badabilzala.



Zetazeo sarraskia

Ikusten jakozan orban biribilak, marrazoak, kardaiak edo tintoletak (Prionace glauca) jotako haginkadak eragindako zuloak diraz!

Ez da ez hau, oso irudi ederra, baina matxiplaken jantzia haren inguruan bai... 


Matxiplakia eta sarraskia

Hego azpiko zerrenda zurizkiak erakusten deusku Matxiplaka edo "Ekaitz-txori txikia", Hydrobates pelagicus espeziekoa dala, gure kostaldean kumatzen dana, halanda ze.


Matxiplakia eta sarraskia

Amaitzeko, bideotxo bat izten deutsuet: musikia, Gorka Benitez saxofoi-jole bikainaren "Baleen Lobak" diska ederretik hartuniko "Leonor de Aquitania" kantaren zatitxo bat da. 

Gorka Benitezen "Baleen Lobak" diskaren azala


Ah, eta Urte Barri On!!