Mokozabala, Platalea leucorodia, espátula gazteleraz, spoonbill inglesez eta spatule frantsesez.
Aurreko sarrera batean (https://jonzubiaur.blogspot.com/search/label/Mokozabala) ipini neban ez dala bape ohikoa hegazti honek Lekitton ikustea. Itxialdian zehar balkoitik ikusi genduan bat errekan gora sartzen hegaz, eta inoiz entzun dot bateronbat ikusi izan dala Learen estuarioan, Maria-Errota eta Zubieta jauregiaren tarteko paduratan, baina osterantzean ez da txori hori hamen sekulan ikusten. Ba, pasa dan apirilaren 23tik badabil mokozabal bat, edo agian izan dira bi, Lekitton. Migrazino sasoian gagoz, eta edozer agertu leike, baina arraro samarra da hain luze berton egotea; pare bat aste bota dauz geugaz.
Apirilaren 23an ikusi eban Maria-Errotan. Biharamonean be bertatik ebilen, eta argazki batzuk bota neutsazan. Maria-Errotaren dikearen barruko potzuetan ebilen jaten...
Mokozabala Maria-Errotan jaten
Jateko, euren moko punta zabal supersentikorragaz hondoa aztertzen dabe burua alde batera eta bestera ibiliaz oso mugimendu bereizgarriagaz, eta zeozer topaten dabenean atrapa egiten dabe: karramarroak, izkirak, baita arrainak be.
Mokozabala Maria-Errotan
...azkenean Zubietaruntz alde egin eban, eta ez neban gehiagorik ikusi, arik eta pare bat aste geroago...
Mokozabala islako pinuaren puntan
Sorpresa Garraitzen! Teleskopiotik zehar mokozabala ikusi neban pinu baten puntan. Bertara joan nintzan ahalik eta arinen, malekoia oraindik azaldu orduko, lelena izateko eta beste inork mokozabala ez uxatzeko, eta beste argazki sortatxu bat egin neutsan.
Mokozabalaren mokoaren perspektiba bitxia
Mokozabala Garraitzen
Maria-Errotan ikusiniko bera ete zan? Moko muturrean dauken marrazkia desbardina da ale bakoitzean, eta alderaketa eginez, ikusten da ez zirala bat.
Mokozabalen mokoen alderaketa
Ezkerraldeko aleari, horiak bazterretatik gora egiten deutso; eskumaldekoari ez, eta ganera orban baltz bi be badaukoz.
Azkan honek pare bat aste emon dauz Maria-Errota eta Arropain tarteko paduratan, Learen Estuarioa deritzanean, elikatzen eta atseden egiten, baina asteon dagoeneko ez dot gehiagorik ikusi. Bere kolonia gunetara alde egingo eban, Herbeheretan edo Frantziako Camargan agian, sasoia izan dau!
Ea uda amaieran be, Afrikara bidean, beste bisitatxu bat egiten deuskun. Bidai on!
Martia-Apirila, berdel sasoia izaten da, eta berdelaren atzetik izurda haundiak etorten diraz. Aurton izurda asko ikusi da kostatik. Itsasoa bare samar egonez gero, katalejoakin eta pazientzia apur bategaz, erraz ikusten zirian Faroletik; urruntxoago batzutean, hurrago beste batzuetan.
Apirilaren 15ean, Barijaku Santuko arratsaldez, Dani Garcia lagun naparragaz bertan geratu nintzan kafea hartzeko, eta heldu eta batera, izurda haundi (Tursiops truncatus) talde eder bat pasaten ebilen justo farol azpi-azpitik. Jai eguna izanik eta eguraldi ederragaz, turista piloa egoan bertan eta sinistu ezinik goza eben ikuskizunaz, mugikorrakin grabaten eben bitartean.
Izurde handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik igarotzen
Lau ostera egin ebezan farol azpitik berdelaren atzetik ziurrenik, hain hurre argazkiak egiteko aukera be emon ebela.
Izurda handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik
Batzuetan taldetxoka ibilten diraz, alkarrengandik estu-estu...
Izurda handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik
Gaitza izaten da zenbatzen zenbat grano egon daitekezan izurda talde bat ikusten danean, batzuk azaleratzen dirazen bitartean, beste hainbeste edo gehiago egon leitekezalako azpian.
Adituak, kopurua kalkulateko, azalean ikusten dirazenak bider hiru egin behar dala dinoe. Horrela eginda, 30 granotik gorako taldea izan eitekean.
Izurda handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik
Horrelako batean, karelez kanpoko motordun txalopia agertu zan izurdak ikusten, eta bere branka aurrean saltoka hasi ziran, erakustaldia eskainiz, olgetan lez.
Izurdak txalopa aurrian saltoka
Hurrengo argazkietan, aurrez datozela espirakulo edo surtzilua ikus dakikeez, eta zehaztasun bateri erreparatuko dotsagu.
Izurdak zetazeo odontozetoakdiraz, eta odontozeto guztiak lez, burezur asimetrikoak daukez. Eskumaldeko burezur erdia ezkerraldekoa baino haunditxoagoa izaten da, eta ondo begiratuz gero, ikusiko dogu surtzilo hori apurtxo bat ezkerraldera okertuta
Aitatutako asimetria hori agertuten daben izurda haundien burezurren argazki bi, internetetik hartu dodazanak.
Izurda haundien (Tursiops truncatus) asimetria erakusten daben burezur bi
Hurrengo diagraman ikus leike zetazeoen kaskarraren eboluzioa, odontozetoak asimetrikoa garatu dabelarik, eta mistizetoak, bizardun baleak ostera, simetrikoak.
Zetazeoen burezurren eboluzioa
Arbaso artiodaktilo batetik eboluziona ei ziran arkeozetoak, burezur asimetrikoa garatuz, eta eurengandik, mistizetoak burezurraren simetrikotasuna berreskuratu dabelarik eta odoztozetoak, asimetrikotauna mantentzen dabenak.
Badirudi asimetrikotasuna lagungarri suerta daitekela ekolokalizazioan, soinuak alde batetik edo bestetik era desbardinez jasotzean, objektua zehatzago kokatzeko momentuan.
Amaituteko, izurdak alde egin ebeneko bideotxoagaz itziko zaituet.