Sula bassana etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Sula bassana etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022(e)ko otsailaren 10(a), osteguna

"Manjuja"! Izurda arruntak

 Izurda arrunta Delphinus delphis. Urteko lelengo hile honek, urtarrila, otsaila eta martia, oso onak izaten diraz izurda espezie hau ikusteko. Ez dakit ondo zein arrain sardak sartzen dirazen Bizkaiko Golkora honetan sasotan, sardinia badan edo txitxarro txikina, baina haren atzetik etorten diraz izurda arruntak, eta erraz samarra da eurak kostatik ikustea. Askotan, koplakin batera jaten, manjujan. Aintzina, atunak edo izurdak arrain sarda bat bildu eta azaleratzen ebanean horrela esaten eutsen, eta arrantzaleak aprobetxaten eben euran trainak botateko, sonarrik bako sasoietan. Arrantzaleak baita koplak bebai, irudietan ikus ahal izango dozuen modura.

"Manjuja" faroletik 2018ko martian

Izenak ondo adierazoten dauan modura, gure uretan arruntenak diraz izurda haundiakin batera. Izurda zerrendatua da gure uretan dabilen 3. espeziea, baina hau ikusteko milia batzuk kanpora urten behar izaten da. Kakotak (kalderoiak), esparloiak (orkak) edota kakot zuriak (izurde muturmotzak) delfinidoak be badira, baina ez genduke "izurdak" lez hartuko.

Izurde arrunta aidean saltoka

Erraza da izurda arrunta besteengandik desbardintzen, 3 ezaugarri nagusiengaitik:

1 Bizkar oso iluna, ia baltza.

2 Hondar-erlojuzko itxurako marrazkia.

3 Aurrekalde beilegia, horixkia, biziagoa batzutan, apalagoa bestetan.

Izurda arrunta identifikateko 3 ezaugarriak

Pasa dan udan "KULIXKA" yata klasiko zoragarrian eginiko txangoetan ia danetan ikusi genduzan izurda arruntak, inoiz sarda haundi-haundietan, kunakin, baita kunak egiten be...! branka azpira etorten jakuzan olgaten, eta aprobetxa genduan argazki batzuk egiteko.

Izurda arrunt taldea, eskumaldean kuna bat burutxua ataraten

Izurda arruntak narrutan



Izurda arrunten lelengo planoak

Amaitzeko, orain dala pare bat aste faroletik ikusiniko beste manjuja nasaitxu bat izten deutsuet. Bertan koplak eta izurdak alkarregaz jaten agertzen diraz. Momento bitan izurdak salto egiten dabe, eta ea gauza zarien aitatutako ezaugarriak somatzeko!

Manjuja 2022ko urtarrilaren 29an faroletik

Katalejuak hartu, eta farolera!



2021(e)ko irailaren 29(a), asteazkena

Koplak enpatxata!

 Gure gazte denboran enpatxo berbia erabilten zan nahasmena, korapiloa, katramila adierazoteko. Aparijuak "enpatxa" egiten ziran (niri beti!), baina ez hori bakarrik, norbera edo bizitza bera ahal ziran enpatxa: "edarra enpatxua daukazuna!", nahasteren batean sartzen zinanean...

Hasita dagoz koplak iparraldeko koloniatatik bueltan etorten, kunak hazi eta gero. Berandutxo dabilz, normalean abuztu amaierarako ikusten diraz geratu barik ekialdetik mendebalderuntz etenik bako pasoan, hilaraka. Aurton irail erdialdera hasi diraz kopuru handietan etorten, eta gazte asko ikusten diraz. 

Kopla gaztea

Zoritxarrez, enpatxata ikusten diraz asko, euran dzangadatan uretan atrapaten dabezan sare zatietan, txikotatan, plastikokin, edo amuak iruntsita...  Kasorik gehienetan heriotzara kondenako dabezan trabak. 

Hurrengo argazki sortan aurton eta iaz ikusitako eredu penagarri batzuk ikusiko dozuez.


Koplia sare zati bategaz enmailata, eta sabelaldea petrolioztatuta


Koplia txikot zati bategaz enpatxata

Koplak, arrain labankorrak ondo kolpeteko, moko ertzak latzak daukez, hagin txikitxoakin lez, eta bertan trabatako edozer, ez da erraz askatuko. Honek kopliari jaten galazoten badeutso, galduta dago koitadua.


Koplia ahotik iuta dingilizka daroiala

Azkan honeri aho ertzetik iutak urteten deutso dingilizka; barruan izango dau amua, gizajoak.

Arrantzontziak tretzak altzaten dabezenean arraina ikusi eta dzanga! amo eta guzti irunsten dabe. Atuna kazan atrapateko malutari be haginka egiten deutse inoiz bertan preso geratuz...

Aurreko neguan kopla bat egon zan lebazaleen pantalanean gosata (pausatuta). Seinale txarra, honek hegaztiok lurra kunak egiteko baino ez dabelako joten, eta osterantzean egiten badabe, oso izorratuta dagozelako izaten da. Trapo bat ganetik botata atrapa neban eta Gorlizko berreskurapen zentrua bialdu. 

Bertan egindako erradiografiatan 3 amo iruntsita eukozala ikusi eben. Hilabete iraun eban bertan, osatzeko ahaleginetan, baina hil egin zan azkenik. Inork ez daki zenbat sufrituko eban koitaduak.

Koplaren erradiografiak, ahozpez eta ahoz gora, Gorlizko Birgaitze zentroan eginikoak, iruntsitako hiru amuak ikus leikezalarik

Eskerrik asko Gorlizko Birgaitze Zentruari bialdutako erradiografiakaitik eta piztia salbatzeko egindako ahaleginagaitik.

Kopla heldua islako hatxetan gosata

Beste hau islan pausatuta egoan. Kanpotik ezer ikusten ez jakon arren, lehen esanda lez, seinale oso kaltetuta egoala.


Kopla honek ia-ia ahal eban hegaz egin, hain makalik egoan ze. Halan da be, nigandik ies egiten eustan eta ezin izan neban atrapa txikot madarikatua librateko. "Jesus de Nazaretek" lebazalearen patroia dan Jonathan Goitiz "Señortxu"nekoak esan eustan bera be ahalegindu zala, arrainagaz erakarriz, baina alperrik.


Uda ostean etorritakoak diraz hurrengoak:

Kopla heldu bakoak, aurrekoak mokoan zaborra trabata daroiala

Plastikozko hari batzuk honek


Beste txikot zati bat korapilata honek bebai


Dana izorratzen dogu, gizakiok!















2021(e)ko maiatzaren 4(a), asteartea

Koplaren Dzangadia

 Hasita dagoz koplak iparraldera alde egiten euren kunaldi kolonietara, baina oraindik geratzen dirtaz batzuk gure itsas-bazterrean. Honetako asko heldu bakoak diraz, ez dabe oraindik habiarik egin beharrik eta ez dauke presarik, antza.

Euretako baten dzangadaren sekuntzia osoa atrapa neban txiripaz, eta muntaiatxua egin dot photoshopez. Kopla helduak zuri-zuriak diraz, hego punta baltzak eta kokot beilegia ezeze, eta honek ondino daukoz luma baltzak hego bazter gutian eta buztanean; 3 urte egingo dauz uda honetan beraz, eta beste urtebete beharko dau guztiz heldua izateko.

Dzanga!!

Laster arte!
 

2021(e)ko apirilaren 26(a), astelehena

2021(e)ko apirilaren 16(a), ostirala

Koplak Dzangadaka

 Beste izen batzuk: Kofri Ondarrun, kofrie Bermeon, kopria Mutrikun, Hondarrabian broju esaten deutse. Asturiar eta galegoak mascato eta catalanak mascarell, dauken maskara halakoagatik...

Koplia, Morus bassanuszanga batuaz, gure itsasoko hegaztirik handiena eta ikusgarriena da duda barik. 1,80 mko enbergaduriagaz, hegaldi zoragarria dauko, bai olatuen ganetik planeaten dauanean, nahiz arrantzan egiteko altuera izugarrietatik pikauan buruz behera botaten danean be.

Negu osoan zehar ohikoak diraz  koplak gure kostaldean, apirila-maiatzera arte, euren ugalketa inguruetara alde egiten dabena; Eskozia, Irlanda, Norbegia, Islandiako irlatxo eta itsas labarretara... Abuztu amaierara arte ez diraz bueltako. 

Koplaren banaketa mapa: berdez, ugalketa lekuak.

Irailean hasten diraz etorten eta mendebalderuntz pasaten diraz gure kostaldearen aurretik milaka.

Martia, berdelaren etorreraz batera, sasoi ona da berdelak ikusteko, Juankar Andresek bere blogean  (entre alpinas y marinas) dinoen modura, eta hilaren 16an itsasora urten genduan berak eta biok.

Kantaurikoko flota osoa Lekitto aurrean egoan berdeletan eta koplak dozenaka-milaka.

Flotia eta kaio ilunak

Flotia eta bapora traina alatzen


Itsaso bete kopla

"Saburdinak" (Patxi Señortxuk -goian bego- esaten eutsen moduan) bebai...

Edonon ikus eikezan koplak multzoka dzangadaka, gure txalupa ondo-ondoan batzuetan... naturaren ikuskizun zoragarria!




Tanda bat, Eskilantxarri eta Saturraran han atzean




Beste eskuadroi baten erasoaldia





40 mko altueretatik be egin ahal dabe pikaua 100km/orduko andaria hartuz, eta 10m eta gehiago be itsaso barrenean sakonduz. 




Banzaaaiiii!!

Hori nahikoa ez balitz, hegoak erdi tolostuta eta euran hanka palmeatu zabalakin, ur azpian bizkor igiri egiteko gauza diraz arraina atrapateko. Berdelak, egun horretan.




Enbarka peix!!

"Kopliak lez jan dot!" bada Lekitton esakunia betekadia adierazoteko. Izan be, koplak hegaz ezin eginda geratzen  diraz hainbeste janda.

Beste barik, koplen pikauen beste argazki sorta bat izten deutsuet.


3 urteko koplia dzangadaka

Koplaren dzangadia faroletik atarata



Atzean eskuman, Antzoriz lurmuturra

Hartu katalejoak eta farolera koplen dzangadak ikustera!