Martia-Apirila, berdel sasoia izaten da, eta berdelaren atzetik izurda haundiak etorten diraz. Aurton izurda asko ikusi da kostatik. Itsasoa bare samar egonez gero, katalejoakin eta pazientzia apur bategaz, erraz ikusten zirian Faroletik; urruntxoago batzutean, hurrago beste batzuetan.
Apirilaren 15ean, Barijaku Santuko arratsaldez, Dani Garcia lagun naparragaz bertan geratu nintzan kafea hartzeko, eta heldu eta batera, izurda haundi (Tursiops truncatus) talde eder bat pasaten ebilen justo farol azpi-azpitik. Jai eguna izanik eta eguraldi ederragaz, turista piloa egoan bertan eta sinistu ezinik goza eben ikuskizunaz, mugikorrakin grabaten eben bitartean.
Izurde handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik igarotzen
Lau ostera egin ebezan farol azpitik berdelaren atzetik ziurrenik, hain hurre argazkiak egiteko aukera be emon ebela.
Izurda handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik
Batzuetan taldetxoka ibilten diraz, alkarrengandik estu-estu...
Izurda handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik
Gaitza izaten da zenbatzen zenbat grano egon daitekezan izurda talde bat ikusten danean, batzuk azaleratzen dirazen bitartean, beste hainbeste edo gehiago egon leitekezalako azpian.
Adituak, kopurua kalkulateko, azalean ikusten dirazenak bider hiru egin behar dala dinoe. Horrela eginda, 30 granotik gorako taldea izan eitekean.
Izurda handiak (Tursiops truncatus) Farol azpitik
Horrelako batean, karelez kanpoko motordun txalopia agertu zan izurdak ikusten, eta bere branka aurrean saltoka hasi ziran, erakustaldia eskainiz, olgetan lez.
Izurdak txalopa aurrian saltoka
Hurrengo argazkietan, aurrez datozela espirakulo edo surtzilua ikus dakikeez, eta zehaztasun bateri erreparatuko dotsagu.
Izurdak zetazeo odontozetoakdiraz, eta odontozeto guztiak lez, burezur asimetrikoak daukez. Eskumaldeko burezur erdia ezkerraldekoa baino haunditxoagoa izaten da, eta ondo begiratuz gero, ikusiko dogu surtzilo hori apurtxo bat ezkerraldera okertuta
Aitatutako asimetria hori agertuten daben izurda haundien burezurren argazki bi, internetetik hartu dodazanak.
Izurda haundien (Tursiops truncatus) asimetria erakusten daben burezur bi
Hurrengo diagraman ikus leike zetazeoen kaskarraren eboluzioa, odontozetoak asimetrikoa garatu dabelarik, eta mistizetoak, bizardun baleak ostera, simetrikoak.
Zetazeoen burezurren eboluzioa
Arbaso artiodaktilo batetik eboluziona ei ziran arkeozetoak, burezur asimetrikoa garatuz, eta eurengandik, mistizetoak burezurraren simetrikotasuna berreskuratu dabelarik eta odoztozetoak, asimetrikotauna mantentzen dabenak.
Badirudi asimetrikotasuna lagungarri suerta daitekela ekolokalizazioan, soinuak alde batetik edo bestetik era desbardinez jasotzean, objektua zehatzago kokatzeko momentuan.
Amaituteko, izurdak alde egin ebeneko bideotxoagaz itziko zaituet.
Otsailaren 5ean, zapatuan, Garraitzko muturrean artileria bateria egon zan plazatxo horretan, lekittar gazte batzuk, kanpotar bisitari guraso bi euran alabatxoakin eta neu gengozala hango bista ederrez gozatzen, Unai Urkiagak "izurdak!" didar egin eban... Izurda haundi (Tursiops truncatus) bikote bat pasaten ebilen gure azpitik atxak joten...!
Guretzako, gauza ezohikoa eta bitxia izan arren, ez zan hain harrigarria be, baina imajina kanpotar harentzako, haren poza!
Dron horretako batetik lez ikusi genduzan.
Izurda haundi biak ur azpian
Bata ondo ikusten zan, baina besteak orbanez beterik eukon azala, eta bizkar hegata arrakalatuta...
Izurda haundi "normala"
Izurda haundi gaixoa
Gorka Ocio "Verballenas.com" enpresako adituari erakutsi neutsazan argazkiok, eta onddoak ziriala esan eustan; espero dagigun oso gauza larria ez izatea, baina itxura behintzat eskasa eukan...
Arrainaren atzetik ziurrenik, esprinta egin eben eta Karraspio barro-barruraino sartu zirian. Gero, bietako batek "braunpada" batzuk (buztanagaz ur-azala kolpatu, arraina ikaratu eta bildu daiten) egin ebazan, eta itsas barrenera egin eben.
Eneko Barrutiaren hiztegian "braunpara" berbiari emoten jakon esanahia bestelakoa da, baina nik Lekitton jaso dodazen testigantzak baita "Goizeko Sei térdietan" kantiak deskribatzen dauenaren arabera be, izurdak arraina biltzeko egiten ei eben braunparaka, hondora botateko baino.
Hurrengo bideoa etxeko balkoitik atara neban, konfinamendu betean, itsasoan txaluparik bapez ez ebilela, eta izurdak sarri Lekittoko abra barrura sartzen ziriala. Bertan, "Goizeko Sei t´erdietan" kantaren erritmoagaz, izurde bat "braunparaka" ikus leike.
Izurdea "braunparaka"
Islara juanda, sekulan ez dakizu zein sorpresagaz topako zarien!
Izurde handia batuaz, Tursiops truncatus izen zientifikua, "tollino" (aintzineko idatzietan, Euskal Herrian izurda edo antzeko piztiren bat -ez dago argi zein- izendatzeko erabilten ei zala dakar), erderaz delfín, tonina... Galizian "arroaz" (jatorri arabiarreko berba, antza) esaten deutse izurda handiari. Inglesez "bottlenose dolphin", hau da botila muzturreko izurda.
Izurda handiak, izenak argi dino, oso handiak izan leikez: ar handiak 4 mra arteko luzera eta 400 kgko pisua har leikez. Txalupa alboan igiri datozenean, txahal bat halakoak emoten dabe.
Urteko edozein sasotan agertu leikez Lekittoko kostatik hurre, baina martia-apirila, berdelaren etorreraz batera, saso ona da, eta egunotan ia egunero ikusten da taldetxo bat gure inguruan, Otoiopean, Ogellan...
Bertan topa nebazan orain dala hiru aste, hilaren 20an arratsaldean, eta atara neutsazan argazki batzuk ipiniko deutsuedaz.
Izurdak, Garraitz eta farolaren aurrean
Otoiopeko haitzen kontra estanpa berezia eskeintzen dabe
edozelako saltoak eginez
Batzuetan txalupa ondora etorten dira, eta orduan somatzen da euren benetako tamainua. Nik uste dot ar handiak izaten dirala hurreratzen diranak, taldetik urrundu gaitezan, edo...
Hau nire irudikapena da, baina ezin dot ziurtatu.
Egia bada izurde handi honek ez dirala euran lehengusu txiki izurde arruntak Delphinus delphis moduko jostagarriak, gogorik ez badauke, hondora egin eta alde egiten deutsue.
Izurda handia Eukeni ondoan ur azpian
Iluntzen egoan, eta mendebalderuntz joiazela estanpa bitxiak hartu neutsazan Matxitxako atzean sartzen egoan eguzkiaren kontra.
Izurdia eta Ogoño
Izurdak eta Matxitxako
Holantxe esan eusten agur eta hurrengora arte, eta neuk be zeueri bardin!