antxeta hankabeltza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
antxeta hankabeltza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021(e)ko martxoaren 7(a), igandea

Marikua eta beste txori batzuk

 Pasa dan zapatuan, hilak 13, itsasora urten neban. Bagia egoan (olatu handi samarrak, baina periodo luzeagaz), baina haizerik bapez, eta ahal zan ibili. Ganera tarteka eguzki ederrak urteten eban.

Hasi nintzan santzari ogia botaten, aldra ederra batu neban, eta eraztun batzuk harrapa nebazan.

    4A2G Santza, Kaio hankahoria (Larus michahellis) Garraitzen jaio eta eraztundua 2012an.


    7X6G Santza, Kaio hankahoria (Larus michahellis), Getarian jaio eta eraztundua, 2016an.


   GAHJ Santza, Kaio hankahoria (Larus michahellis), 2019ko neguan Ondarrun eraztundua. 2018. urtean jaioa, ez dakigu non.

Itxasoa ispilu baten legez egoan gune batzuetan. Santz asko biltzen dirazenean, urrin-urrinetik ikusten diraz, eta inguruko txoriak hurreratzen diraz pentsatuz arraina edo jatekoa behintzat, egongo dala bertan (hauxe da gure trikimailua itxas txoriak ikusteko).

    Adin desbardinetako santz eta kaioak, ogitara bilduta.

Koplak...



    Koplia, zanga batuaz (Morus bassanus) alcatraz erderaz.

Kaio baltzak...       kaio baltzak santzen lehengusu handiak diraz. Wikipedian Kalasantza dakar hegazti honentzako; nik ez dot berba hori Lekitton entzun, baina Azkueren hiztegian Lekitton jasoniko berba modura dakar: "Kalasantza: gaviota de las más hermosas de nuestra costa; es una de alas más negruzca que la llamada santza". Nire ustez kaio iluna be izan leike...


     Kaio baltza (Larus marinus), gavión erderaz.

Martinen eskuadrila supersoniko bat...

Martinak (Puffinus mauretanicus) Gabai balearrak batuaz, paredelas baleares erderaz.

Martin balearra (Puffinus mauretanicus)

Andara batean pasaten diraz eta gaitzak diraz argazkiak egiten, konturatu orduko popaz harrapatzen dozuz.

Antxeta hankabeltz heldu batek be egin eban osteratxu bat, eta pare bat argazki bota ahal izan neutsazan. Aurreko sarreran aitatu neban zeozer antxeta edo kalatxori honetaz, ia eurakaitik esaten ete daben itxas gizon nagusiak "pikoamarillo, pikamaillo", edo antzeko zeozer.

    Antxeta hankabaltza (Rissa tridactyla), gaviota tridáctila erderaz.

     Antxeta hankabaltza (Rissa tridactyla), gaviota tridáctila erderaz.

 
    
    Arrasgo bereizgarria dau hegoen punta baltzak, "tinteroan bustita" legez. Oso politak  diraz, eta ikusten gaitzak.

Kaio aldra handi bat batuz gero, suerte apur bategaz inguruan ibil leiken marikoren bat agertu leike, jatekoa ostu nahian. 

Marikua (Stercorarius skua), txori piratia da (preatia esaten eban batek), ez daki arrantzan eta beste txoriari ostuten deutse jatekoa, jazarriz, bere erpe zorrotzakin erasotuz, paparrean daroen arraina gonbita arazo arte! Parasitismo mota honeri kleptoparasitismoa deituten jako. 

    Marikua (Stercorarius skua), págalo grande erderaz.    

    Marikua (Stercorarius skua), págalo grande erderaz. 

Ikusgarria izaten da: marikua bistara agertertu orduko badakizu datorrena, karranka zarataka eta auskan dabizen santzak, bapatean ixildu eta urteten dabelako danak hegaz kohete baten lez norabide bardinean, goruntz. Beste alderditik laster agertuko da marikua. Itzala da zelako ikaria eragiten deutsen!



Begitu bere erpeak eta mokoa...

    Marikua (Stercorarius skua), págalo grande erderaz. 

Lekitton, mariko da marikua (ian azentuata), giputzak eta batuaz ostera, marikoia. Nik ez dakit mariko izena nondik etor leiken, baina erezten jat beste "marikoi" hori, erderazko biraoren eraginez izen jatorraren korrupzioa izan leikela... Txitxarro marikoia be esaten dogu, eta entzun neban jatorrian mareako txitxarroa, mariko txitxarrua legokela. Batek daki!

Laster arte, ondo ibili!







    




















2021(e)ko urtarrilaren 23(a), larunbata

Kalatxoriak

Gabonetatik honako kalatxori batzuk

Negua sasoi ona da kalatxori edo kaio desbardinak ikusteko. Gaur egun, kalatxori erabilten dogu generiko modura edozein kaio izendatzeko, baina gure aurrekoentzako, kalatxoriak ez ziran portuan edo islan ikusten doguzenak, beste txikiago batzuk baino: giputzak antxeta esaten deutsenak. Islan kunak egiten dabezenari santza esaten eutsen, eta gazteak dirazenean, marroi kolorekoak, kaio, kaijuak.

Ikus daiguzan kalatxori batzuk ba.
 

Kalatxoria antxeta mokogorria motakoa: Larus ridibundus  (gaviota reidora erderaz)


Kalatxoria antxeta mokogorria motakoa: Larus ridibundus


Kalatxoria antxeta mokogorria motakoa: Larus ridibundus

   
Kalatxoria antxeta mokogorria motakoa: Larus ridibundus 

Ikusi hego puntetako atzekaldean luma puntak baltzak daukozala,  moko gorri fina eta belarri inguruko orbantxoa; espezie horren ezaugarriak diraz. Udan txokolate-marroi koloreko txano bategaz apaintzen diraz, baina ez doguz horrela hamen ikusten iparraldera joen dabelako kunak egiten.

Kalatxoriak, gerra osteko sasoietan jan egiten ziran. Amandarriko muturretik, amuan urdaia ipinita flota egian atrapaten ei ebezan.

    
 Kalatxori burubaltza, antxeta burubeltza batuaz, Larus melanocephalus (gaviota cabecinegra)

Beste kalatxori mota bat da hau, aspaldion gero eta gehiago ikusten dana. Inglesak mediterranean gull esaten deutse, bertakoa ei zalako.
Mokogorriaren aldean, moko zabalagoa dauko, buruan orban zabalagoa be bai, eta ez dauka hego puntetan baltzik.


Kalatxori burubaltzak, Larus melanocephalus


Kalatxori burubaltzak, Larus melanocephalus


Kalatxori burubaltzak, Larus melanocephalus


Kalatxori burubaltzak, Larus melanocephalus


Kalatxori burubaltzak, Larus melanocephalus


Kalatxori burubaltzak, Larus melanocephalus

    
 Kalatxori burubaltz gaztea (Larus melanocephalus)

Gabonetako eguraldi zantarrak, osterantzean oso itxastarrak dirazen beste kalatxori batzuk kostaratu ebazan, eurak ikusteko aukera emonaz: batuaz antxeta hankabeltza esaten jakezenak, Rissa tridactyla euren izen zientifikoa. 


Faroletik atara neban argazki honetan, kalatxori edo antxeta burubaltza ikus geinke ezkerraldean, eta hankabaltza (Rissa tridactyla) eskumaldean. Moko horia dauke, hanka baltzak eta ezaugarri modura, hego puntak "tinteroan bustita" legez.

   
  Beste argazki honetan hobetotxo ikusten da hego punten detaile hori.

    
Kalatxori hankabaltz heldua (Rissa tridactyla) Ikusi euran moko horia.

Antxeta hankabeltz (Rissa tridactyla) heldu baten argazki ederrak ikusi nahi badozuez, Juankar Andresen "entre alpinas y marinas" blogean daukazuez.

Itxas gizon nagusiak, inoiz aitatuten doste kalatxori "pikamaillo", edo "pikoamarillo" bat, ez dakidana hau izango ete dan, edo kaio mokohoria (Larus canus), beste espezie bat...

Ale gazteak oso desbardinak diraz, moko baltza dauke, hegoen ganekaldean "M" itxurako marrazki bat, eta buztanaren ertzean be, zerrenda baltz bat izaten dabe.


  
  Kalatxori hankabaltz gaztea (Rissa tridactyla)

Jon Badiola aita-semiak inbita ninduen "Hego-haize" yatetxuan itxas ostera batera abenduaren 26an, eta beste kaio batzuren artean, kalatxori hankabaltz gitxi batzuk be ikusi genduzan, gazteak danak. 


Kalatxori hankabaltz gazteak (Rissa tridactyla)


Kalatxori hankabaltz gazteak (Rissa tridactyla)


Kalatxori hankabaltz gazteak (Rissa tridactyla)

   
  Kalatxori hankabaltz gazteak (Rissa tridactyla)

Zaragoza kapitalean jaio eta eraztunduniko kaio hankahori mediterranearra...

    
Kaio hankahori mediterranearra (Larus michahellis michahellis)

Izurde haundi talde eder bat be bai...

   
  Izurde haundiak (Tursiops truncatus)

Eta kaio mokohori bat (Larus canus), urte bikoa; hiru urtekin egiten diraz helduak, heldu bakoa beraz.

    
Kaio mokohoria (Larus canus)

  
  Kaio mokohoria (Larus canus)

    
Kaio mokohoria (Larus canus)

Heldutakoan, honeri be mokoa hori kolorekoa ipinten jake, orduan ez dakit zehatz zeinengaitik esango daben itxas-otso zaharrak "pikoamarillo"... akaso birengaitik.

Amaituteko, hilaren 5ean, errege eguneko bezperan eginiko argazkitxoa ipiniko dot; opari polita euki neban!

     
Santza (Larus michahellis) eta izurde haundia (Tursiops truncatus) Lekitto aurrean

     Laster arte!