2023(e)ko maiatzaren 25(a), osteguna

Zisnia Zubietan

 Zisne edo beltxarga arrunta batuaz, Cygnus olor da bere izen zientifikua; Swan inglesez eta cygne prantsesez. Hegazti dotore eta erraldoi hau ezohiko bisitaria da Lekeition, inoiz ikusi bakoa ez bada be. Orain dala urte batzuk, 6 bat ez badira gehiago, beste bat be ibili zan: Karraspiotik Maria-Errotara mugitzen zan eta ikuskizuna zan halako patari zatia erreka ganetik hegaz ikustea.

Zisnea Zubietako harresiaren "kubo"aren aurrean

2019ko udabarrian, beste zisne baten bisitia be euki genduan: zisne baltz, Cygnus atratus batena! Espezie hau Australian dauko jatorria, eta parke eta bildumatarako ekarri zan Europara. Gure inguruan, Debako itsasadarrean badago kumatzen dauan bikoteren bat, eta lantzean behin euren kumak alde egiten dabe eta agertzen dira hortik zehar; ikusita daukadaz Urdaibain bebai, esaterako. Lekittora etorri zana isla inguruan eta Maria-Errotan ibili zan pare bat egunez.

Zisne baltza islako hondartzatxuaren onduan

Oraingo zisne arrunta Zubieta inguruan egoten zan egunez, baina baleiteke gabaz lotan Karraspiora joan izana, goizalde batean bertatik etorten ikusi nebalako; pare bat ostera egin ebazan Isuntza eta Kurlutxu inguruan, zubiaren ganetik Maria-Errota aldera sartu orduko.

Zubieta jauregi zoragarriaren inguruan ibilten zan estanpa zoragarria eskainiz.

Zubieta jauregia eta zisnia

Mareabeheran ikus eitekean, Maria-Errota eta Zubieta artean, Txotxin uhartetxoaren ondoan azaltzen diran basatzatan, kaioekin batera; oraldia jaten, lumia atontzen edo beste barik, atseden egiten.

Beltxarga kaioekin batera atsedenean

Leku egokian kokatu ginian Iñaki Gezuraga Karpanta eta biok, pazientziaz itxaron ostean tarte batez gure ondotik pasa zan eta argazki sortatxu bat egiteko aprobetxa genduan. Horra:










Lau bat egun egin ebazan Lekitton eta ostean desagertu egin zan; ea hurrengoan bikoteagaz datorren!






2023(e)ko maiatzaren 10(a), asteazkena

Gabai arrunta

 Beste martin mota bat, gabai arrunta Puffinus puffinus, pardela pichoneta gazteleraz, Manx shearwater inglesez, Puffin des Anglais frantsesez. Lekitton, neuk dakidala behintzat, ez da hau balearrarengandik desbardintzen, martina beste barik. Batuaz "arrunta" abizena euki arren, ikusten gaitzenetakoa suertatzen da guretzako. Besteak, sasoi egokietan ehundaka ikusten doguz (arrea Calonectris borealis/diomedea, haundia Ardenna gravis edota martin baltza Ardenna griseus). Gabai balearraz aurreko sarreran jardun dot.

Martin arrunta Puffinus puffinus

Martin arrunta ikusten dogunean, kopuru txikietan izaten da grano bakarrak normalean. 2022ko udan, KULIXKAren irteera batean dozenatxu bat granoko aldratxua ikusi genduan, gauza berezi lez.

Hegazti txikitxua da, balearra baino txikitxuagoa eta finagoa, zuria eta baltza. Aurreko sarreran ikusi dogu martin balearrean kolore sorta oso zabala dala, eta soin ganeko marroiaren hedapena ere aldakorra dala; martin arruntean ostera, oso ondo zehaztuta dagoz zuria eta baltzaren arteko mugak, eta bien arteko pasarteak oso kontrastatuak dira, bapatekoak, ez dira lausoak.

Martin balearra Puffinus mauretanicus, aurreko argazkiarekin alderatzeko

Martin arrunta azpitik zuri-zuria da okotzetik hasita eta popa-puntaraino; belarrondoan iretargi-erdi itxurako sargunetxua dauka, galtzarpetik eta hegoazpitik jarraitu eta gibelaldetik igoten deutso zurigunak apur bat, astotzarak balitzatekez lez.


Martin arrunta, azpitik zuri-zuria okotzetik eta popa-puntaraino...

...belarrondoan iretargi erdi itxurako sargunetxua...

...galtzarpetik eta hegoazpitik...

...astotzarak lez

Ganetik bal-baltzak diraz. Lumia apur bat erreta daukenian, lumaldatu orduko, marroitxuago ikus leike, baina baltz.

Martin arruntaren ganekaldearen baltza

argitasunaren arabera marroitxuago ikus leike

Martin arrunta Atlantikoko hegaztia da (Mediterraneora ez da sartzen); Atlantiko iparraldeko uharteetan ugaltzen da, eta negua Brasil eta Argentinako kostaldeetan emoten dau, milaka kilometrotako migrazinoa eginez, mapak erakusten dauen modura.

    Gabai arruntaren hedatze mapa; irudia: Donkey shot; Gorriz ugal-koloniak

Lurrean eurak industutako zuloetan edo untxienak berrerabilita, baita  haitz-arteko zirrikitoetan be egiten dabe habia, eta katuak, arratoiak, kaio baltzak eta marikuak diraz euran arrautza eta txiten etsairik haundienak. Urien argiteriak be nahastu egiten dauz txitak habiatik urteten dabenian.

Arrantzan egiteko uretara botaten dira eta batzutan zuzenian murgiltzen diraz edo ur-azalian gosata (pausatuta) gagozala, burua sartu eta miatu
egiten dabe ur azpia arrainak bilatzeko.





Martin arrunta ur azpia miatzen



Martin arrunta murgildurik

Ur azpian, hegoak erdi tolostuta eta hankakin sakatuz egiten dabe igiri, bizkor arrainak atrapateko lain.

Ale bat asko hurreratu zan txalopara, oso gauza arraroa; gero argakietan ikusi genduan begia itsututa eukola. Hegazti-gripearen ondorioz kopla itsuak ikusita daukaguz eta pentsa neban horixe pasako jakola martintxuari...

Hegazti-gripeak itsututako koplia

Martin arrunt tubera (betokerra, begibakarra)

Aditu batzuri kontsulta eginda, hegazti-gripearen ondorio baino traumatismo bat emoten ebala esan eben... ez dakit ba.

Amaitzeko txori eder honen argazki sortatxu bat ipiniko deutsuet.









Martin edo gabai arruntak Puffinus puffinus