2022(e)ko abuztuaren 13(a), larunbata

MATXIPLAKAK!

 Matxiplaka, matxiplakia, Lekeitioko berbia da ekaitz-txoria izendatzeko. Izen horren barruan hydrobatidae familiako hegaztiak sartuko litzatekez, nagusiki ekaitz-txori txikia (Hydrobates pelagicus), gure uretan gehien ikus daitekena, baita ekaitx-txori handia (Oceanodroma leucorhoa) eta Wilson ekaitz-txoria (Oceanites oceanicus) be, gaitzagoak diranak ikusten, baina suerta daitekezenak bebai.

Lekitton matxinplaka be entzuten da, eta berbaren jatorriari jagokola, noonun irakurrita nago (eta orain ez naiz gogoratzen nun), Santurtzi edo hor inguruan, "martin-fraka" esaten jakela, hau da: Martin, ez dakit zergaitik baina txori izena dana, eta eredu ugari dagoz: martin arrantzalea, "martinak" gabaiak adierazoteko, batuaz martina Uria aalge izendatzeko, erderazko "martinete" (gure amiltxoria, Nycticorax nycticorax)... gehi fraka, haren txankameheari aipu eginez, modu deigarrian ibilten dabezelako ur azalaren ganean oinez eta saltoka.




Matxiplakaren txankarrak

Euskal kostaldean zehar izen desbardin ugari daukoz. Bizkaian esate baterako, Eneko Barrutiak bere "Itsas txorien izenak mendebaldean" lan bikainean, millabarrika, millebarrike, billabarrika, bidebarrike edo bidebarreka jaso ditu Mundakan, Bermeon eta Ondarroan.

Itsas Txorien izenak Mendebaldean

Azkuek be, millabarrika jasoten dau Lekitton, ez dau matxiplaka aitatzen.

Gipuzkoan eta Lapurdin, plakatx, milabarrika eta marakatza batzen ditu Txoriak.eus web orriak ekaitz-txori txikiaren atalean.

Halanda ze, nik ez dakit zergaitik batuaz "ekaitz-txori" berbia aukeratu daben hegazti hau izendatzeko, kostako inongo herritan horrela esaten ez jakola, ahozkaezina ia, tira... Inglesez "storm petrel" esaten jako, prantsesez "océanite tempête", catalanez "ocell de tempesta" eta galegoz eta gaztelaniaz "paíño"; lelengo hiru izenak ekaitza aitatzen dabe, eta hortik batuazkoa, edo.

Beste izen batzuk: "aceitera", "cagalesas", "ugera-txori", hegazti honen itsasontziak botaten daben lohiak jaten, uherara etorteko ohiturari aipu egiten deutse...

Horregaitik, zikin ospea dauka txori honek arrantzaleen artean, lohia jatearena, eta hatsa, usain txarra dariola.





Matxiplakak baporaren uheran jaten

Matxiplakaren beste ezaugarri bat arrantzaleen artean da, ekaitza, denporalea iragarten dauela, ikusi doguzan izenak adierazoten daben modura.

"Matxiplakia baporaren babesera hurreratzen bada, seinale ekaitza datorrena", esaten dabe arrantzaleak; eta ba ei egoan Lekitton patroiren bat horrelakoetan, matxiplakak baporera hurreratzean, zuzenean porturantz egiten ebana.




Matxiplakak (Hydrobates pelagicus) hegaz

Matxiplakia txori txikina da, torratxoriaren (Passer domesticus) tamainakoa, eta kolore baltza eta hegaz egiteko moduagaitik enaria gogorarazo daikena. 

Ia guztiz baltzak diraz, iperdi ganeko zerrenda zuria eta ekaitz-txori txikia (Hydrobates pelagicus), gure inguruko espeziearen arrasgo bereizgarria dan hego azpiko marra zurizka kenduta. Lumia urratuta daukenean, zahartuta, tono marroizka hartzen dabe, eta gazteak hego ganean marra argitxoago bat izaten dabe.

Ekaitx-txori txikiaren (Hydrobates pelagicus) arrasgo bereizgarriak: iperdi gane zuria eta hego azpiko zerrenda zurizka.

Ale gaztea hego ganeko marra argitxoagoa erakusten


Matxiplalia hego azpiko marra zirizkia erakusten

Matxiplaka europarra, ekaitz-txori txikia batuaz, Europako kostaldean kumatzen dau, uharte txikietan. Arrautza bakarra ipinten dau kobazulo edo zirrikito sakon samarretan, eta gabaz bakarrik etorten diraz bikoteari sanjia emoten, edo kunia elikatzen, depredatzaileak (santzak, marikuak, belatzak....) saihesteko. Euskal Herrian, Billano, Aketx, Gaztelugatxe eta Izaro uharteetan kumatzen dau, baita Ogoño, Zumaia, Jaizkibel eta Miarritzeko itsas labarretan. Agian Garraitzen bebai, baina gabaz baino ez direlez etorten, oraindino ez gara entera!

Meditarraneoan be kumatu eta bizi diraz, baina bertakoa beste azpiespezie bat da. 

Neguan, Atlantiko hegoaldera migratzen dabe.

Matxiplaka europarraren hedapen eremua eta kumatze puntuak, Wikipediatik
 
Gauza txikiez elikatzen diraz: planktona, txitxina, bestelako arrain kunak, "pizkurria" (Lekeition krilla), baita sarraskiz bebai. Atunak "manjuja" egiten dabenean, itzitako apurrak jaten etor daitekez matxiplakok...




Hegalabur (txikia) eta matxiplakia

...eta sarraskia be jaten dabe, euren usaimen finagaz topaten dabena.

Guk, arrain tripa eta buruez osotuniko "mazi" konjelau bat bota genduan itsasora matxiplaka bat ikusi gendunean, bertan geratu ginian "mazija" desegin eta bere usaina hedatzen zan bitartean zain, eta 20 bat minitura agertu zan bigarren matxiplaka bat, beste pare bat gehiago gerotxuago, eta ordu betera dozenatxo bat matxiplaka geunkezan "mazi"aren inguruan jantzan, handik askatzen zirian apurrak jaten.










Matxiplakak "KULIXKA"ren inguruan jantzan

Ez diraz errezak ikusten. Itsaso barrenera urten ezkero inoiz ikusten da bat edo bat, baina egun horretan "mazi"agaz erakarrita, aldratxo ederra, hurre eta denbora luzez ahal izan genduan "KULIXKA"tik disfruta, lelengoz niretzako, eta horregaitik hain argazki sorta luzea. Espero dot gustoko izatea. Laister arte.