Thalasseus sandvicensis etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Thalasseus sandvicensis etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022(e)ko apirilaren 18(a), astelehena

Txirrinak eztei aurreko pasuan

Apirila hile ona da txirrinak ikusteko. Afrikatik datoz, eta euran kumatzeko kolonietara bidean kostiari jarraituz, Lekittotik igarotzen diraz eta geldialditxo bat egin daikie berton, atseden egiteko eta depositua beteteko. Ikuskizun ederra eskeintzen dabe euren hegaldi dotore grazilagaz eta dzangadakin.

Txirrinak dzangaka

Batuaz txenada esaten jake, eta Asier Sarasuak aurrekoan azaldu euskun enara berbiaren aldaera bat dala, Zumaia inguruan erabilten dana lehorreko enarak izendatzeko. Baina Sterna generoko hagaztioi "itsas enara" esaten jakelez bebai beste hizkuntza batzutan, eta txirri eta txirritxoekin nahasterik ez sortzeko nonbait, berba hori hobetsi zan batuaz gure "txirrinak" izendatzeko. 




Txirrina Thalasseus sandvicensis

Jatekoaren bila itsas bazterraren zehar ibilten diraz aurrera eta atzera behin eta barriro antzeko ibilbidea errepikatuz beheruntz begira mokoagaz beheruntz apuntaten, eta horrelako batean... dzanga! egiten dabe. Batzutan punto batean geldirik "eskegita" lez geratzen diraz tartetxu batez hegoak astinduz, erabagiten dzangadia egin ala ez...


Dzangadia egin ostean, ura astinduten dabe txakurrak lez, burua eta gorputza bihurrituz, hurrengo argazkietan ikusten dan modura.



Txirrina ura zentrifugatuz.

Ale hau eraztunduta egoan, baina ez zan modurik egon eraztuna irakurteko... penia.

Urez inguratutako tokiak gustaten jakez atseden egiteko: pantalanak, uretan sartutako taket edo postiak, buiak... Hondar txiki aurreko buiatan gosatzen ziran, erosotasun haundirik barik batzutan, haizea eta olatuak tarteko, bideoan iksten dan modura... (ez dakit nik zer atseden hartuko eban haulan!)

Txirrina lumia atonduten eta atseden? hartzen buia baten ganean

Amaitzeko, beste argazki sortatxu bat.




Txirrina eta Isuntza

Txirrina eta David


Agur!


 

2021(e)ko abenduaren 6(a), astelehena

Txirrinak

 Txirrinak Lekitton, batuaz Txenadak, erderaz Charranes, inglesez Terns, Sternes frantsesez...

Txoriak.eusen Euskal Herrian emoten jakezen beste izen batzuk topako dozuez. 

Txirrina izen onomatopeikoa iruditzen jat, horrelako Krriiii... bat egiten dabelako, eta erderazko Charrán agian bebai. Beste izenak, txenada barne, Sterna generoaren izen zientifikoagaz batera, berba bardinetik datozela dirudi, eta ez dakit zer jatorri daukan.

Kalatxori antzeko txoriak diraz: soin zuria dauke, eta hego ganea eta lepoa grisa, baina tamainaz txikiagoak. Buruan txapel baltza daroe normalean, eta mokoa fina eta zorrotza dauke, espezieen arabera kolore desbardinetakoak; hego luze zorrotzakin, eta oso hegaldi dotorea, liraina daukenak. 

Txirrina Thalasseus sandvicensis eta santza Larus michchellis alkarren ondoan Karraspion



    Txenada hankabeltza Thalasseus sandvicensis

Ale hau Kurlutxun atrapa neban, arrain bila ur-bazterra miatzen ebilela, Karraspio, Isuntza eta errekaren ahoan zehar gora eta behera eta buelta ostera be...



Txenada hankabeltza Thalasseus sandvicensis

Holako batean, arraina ikusi, eta aidean kontorsino bat eginez buruz behera botaten diraz uretara, kopla txiki bat balitzan dzangadia eginez, eta ura jo orduko ostera be aidean dago...

Argazkietakoa "hankabaltza" espeziekoa da, gure kostaldetik gehien ikusten dana, baina beste espezie batzuk bebai ikus geinkez, txenada arrunta Sterna hirundo, eta batzuetan txenada artikoa Sterna paradisaea, hau gaitzagoa, migrazinorik haundienetakoa egiten dauan txoria: artikotik antartikoraino, betiko udan biziz.

Anidamiento (rojo), invernación (azul) y rutas de migración (verde)Txenada artikoaren migrazinoia: gorriz kumatze eremuak iparraldeko uda sasoian, urdinez negua igarotzeko eremuak hegoaldeko udia aprobetxatuz

Txirrinak pasokoak diraz geurean: Udabarrian martitik maiatza bitartean iparralderuntz, eta udagoienean iraiala eta urrian hegoalderuntz bueltan datozela.

Hurrengo argazkietakoa txenada hankabeltza espeziekoa da bebai, guretik ugariena, Eukeni txalupatik eginak.






Txirri edo txenada hankabaltza, Thalasseus sandvicensis

Txirrinen artean haundienetakoa da hankabaltza, eta ikus leiken modura, moko luze baltza dauko, punta horiagaz (arrasgo hau erraz somatzen jako, eta espeziea identifikateko giltzarri izaten da).

Hurrengoa bitxikeri bat izan zan, Txenada bengaliarra Thalasseus bengalensis.



Txirri edo txenada bengaliarra, Thalasseus bengalensis

Ikusten dozuen modura, hankabaltzaren oso antzekoa da, baina moko laranja dauka honek.

Txirri honen bizilekua askoz ekialdeagora dago, Ozeano indikoan batez be, eta gugandik hurren, Libian egiten dabez kunak, hurrengo mapan agertzen dan lez.

Txenada bengaliarraren hedatze mapa

Beraz, paso sasoian Gibraltargo itsasartetik ez diraz gaitzak ikusten, baina gure kostaldetik bai. Gertatzen dana da ale gitxi batzuk, txirri hankabaltzakin nahastata Frantziako Arcachongo Banc D´Arguingo kumatze kolonietara joaten dirazela, eta horretakoren bat izango zan hau... sorpresa polita!





Txirri edo txenada bengaliarra Thalasseus bengalensis

Euren neguko kuarteletan dagoz orain txirrinak, baina laster hasiko da eguna luzatzen, eta konturatu orduko pasako diraz lelengo aleak Lekittotik iparralderuntz... hori bai, tamalez honek be, txori guztiak lez, gero eta kopuru txikiagoetan. Nagusiak kontaten dabe euran gazte denboratan aldra haundiak etorten ziriala, eta normala zala dozena bat grano be portuan bueltaka ikustea... orain, bi batera ikusi ezkero, pozik.

Adi egon eta ondo segi!