2021(e)ko irailaren 29(a), asteazkena

Koplak enpatxata!

 Gure gazte denboran enpatxo berbia erabilten zan nahasmena, korapiloa, katramila adierazoteko. Aparijuak "enpatxa" egiten ziran (niri beti!), baina ez hori bakarrik, norbera edo bizitza bera ahal ziran enpatxa: "edarra enpatxua daukazuna!", nahasteren batean sartzen zinanean...

Hasita dagoz koplak iparraldeko koloniatatik bueltan etorten, kunak hazi eta gero. Berandutxo dabilz, normalean abuztu amaierarako ikusten diraz geratu barik ekialdetik mendebalderuntz etenik bako pasoan, hilaraka. Aurton irail erdialdera hasi diraz kopuru handietan etorten, eta gazte asko ikusten diraz. 

Kopla gaztea

Zoritxarrez, enpatxata ikusten diraz asko, euran dzangadatan uretan atrapaten dabezan sare zatietan, txikotatan, plastikokin, edo amuak iruntsita...  Kasorik gehienetan heriotzara kondenako dabezan trabak. 

Hurrengo argazki sortan aurton eta iaz ikusitako eredu penagarri batzuk ikusiko dozuez.


Koplia sare zati bategaz enmailata, eta sabelaldea petrolioztatuta


Koplia txikot zati bategaz enpatxata

Koplak, arrain labankorrak ondo kolpeteko, moko ertzak latzak daukez, hagin txikitxoakin lez, eta bertan trabatako edozer, ez da erraz askatuko. Honek kopliari jaten galazoten badeutso, galduta dago koitadua.


Koplia ahotik iuta dingilizka daroiala

Azkan honeri aho ertzetik iutak urteten deutso dingilizka; barruan izango dau amua, gizajoak.

Arrantzontziak tretzak altzaten dabezenean arraina ikusi eta dzanga! amo eta guzti irunsten dabe. Atuna kazan atrapateko malutari be haginka egiten deutse inoiz bertan preso geratuz...

Aurreko neguan kopla bat egon zan lebazaleen pantalanean gosata (pausatuta). Seinale txarra, honek hegaztiok lurra kunak egiteko baino ez dabelako joten, eta osterantzean egiten badabe, oso izorratuta dagozelako izaten da. Trapo bat ganetik botata atrapa neban eta Gorlizko berreskurapen zentrua bialdu. 

Bertan egindako erradiografiatan 3 amo iruntsita eukozala ikusi eben. Hilabete iraun eban bertan, osatzeko ahaleginetan, baina hil egin zan azkenik. Inork ez daki zenbat sufrituko eban koitaduak.

Koplaren erradiografiak, ahozpez eta ahoz gora, Gorlizko Birgaitze zentroan eginikoak, iruntsitako hiru amuak ikus leikezalarik

Eskerrik asko Gorlizko Birgaitze Zentruari bialdutako erradiografiakaitik eta piztia salbatzeko egindako ahaleginagaitik.

Kopla heldua islako hatxetan gosata

Beste hau islan pausatuta egoan. Kanpotik ezer ikusten ez jakon arren, lehen esanda lez, seinale oso kaltetuta egoala.


Kopla honek ia-ia ahal eban hegaz egin, hain makalik egoan ze. Halan da be, nigandik ies egiten eustan eta ezin izan neban atrapa txikot madarikatua librateko. "Jesus de Nazaretek" lebazalearen patroia dan Jonathan Goitiz "Señortxu"nekoak esan eustan bera be ahalegindu zala, arrainagaz erakarriz, baina alperrik.


Uda ostean etorritakoak diraz hurrengoak:

Kopla heldu bakoak, aurrekoak mokoan zaborra trabata daroiala

Plastikozko hari batzuk honek


Beste txikot zati bat korapilata honek bebai


Dana izorratzen dogu, gizakiok!















2021(e)ko irailaren 15(a), asteazkena

Kulinka nagosia

 Kurlinta bekainduna (batuaz), beste limikolo bat

Txurlinta, kulixka... herri bakoitzean era batera. Erderaz "Zarapito trinador", inglesez "whimbrel", eta danon artean nahasta ez gaitzezan, izen zientifikoa: Numenius phaeopus.

Kurlinta bekainduna

Beste antzeko kulinka nagosi bat dago, kurlinta handia batuaz (Numenius arquata), hau baino haunditxoagoa eta moko luzeagoduna bebai. Kantuagaitik be desbardinduten diraz erraz, handiak "tiuuuuu..." luzea egiten dau, eta bekaindunak "tiruliruliruuu" (horregaitik "trinador" erderaz).

 Kurlinta bekainduna

Batuaz, bekainduna esaten jako begi ganean dauzkan zerrenda argi eta ilunakaitik, besteak, handiak, ez daukazana eta biak desbardinduteko balio dauan ezaugarria dalako. Hurrengo argazkian ikusten jakoz ederto.

Kurlinta bekainduna

Argazkiotakoa, islako moilan ebilen karramarro zapateroak jan eta janda, geratu barik! Oso fidakorra zan eta kontu apur bategaz ibilita, mugimendu bortitzik egin barik eta astiro-astiro mugiduz, asko itzi ninduan hurreratzen. 

Hurrengo argazki sortan ikusiko dozue karramarroa atrapa, eta jan baino arinago haginak zelan erauzten deutsozan, pika ez dagion.


Atrapo!


Haginak erakusten niri?!?



Kanpora hagina!



Enbarka karramarro!

Eta horrela bata bestarean atzetik...

Atrapo!


Haginak kendu...

...eta barrura!

Argazki mordoa bota neutsazan harik eta jendearen joan etorriakin urduritu eta alde egin ebanera arte.


Lumia atontzen

Posaten

Zer darabizu?


Agur! 

2021(e)ko irailaren 1(a), asteazkena

Beste limikolo bat: Zankaluzea

 Ez dot euskeraz beste izenik ezagutzen; suposatzen dot Lekitton beste "kulinka" hankaluze bat izango litzatekela. Erderaz "cigüeñuela" esaten jako, eta izen zientifikoa Himantopus himantopus (harizko hankak, zeozelan).

Pasokoa da geurean, nahiz eta azken urteetan bikote batzuk kunak egiten hasi dirazen, Urdaibain 2012an lehenengoz.

Lekitton oso lantzean behin ikus leikez; 2019ko ekainean 3 ale ikusi nebazan Karraspion (mirari bat).

Zankaluze arra Karraspion

Zankaluze emea Karraspion

Zankaluze emea Karraspion

Arrak bizkar baltza dauke, eta emak marroxkia. Sexo biak euki ahal dabez buruan eta kokotian orban ilunak, baina arrak batzutan buru zuri-zuria dauke.

Zankaluzea

Zankaluzea

Zankaluzea

Zankaluzea

Zankaluzea

Zankaluzea

Zankaluzea

Ale bakartitxo hau, islako moilan ikusi neban, jentiak uxatuta errekara jaitsi zan, eta argazki sorta hau bota ahal izan neutsan, aurton maiatzean.

Iaz laukote bat hondartza salbajian be ikusi neban, baina ezin izan neutsen argazkirik egin.

Txori ikusgarriak zalantzarik barik!