Anpormaixo edo lanperna-musuei dagokiela, ez dut aurtongo negua lakorik sekula ezagutu! Hainbeste eta kostatik hain hur... honi esker lortu ahal izan dudan argazki bildumatxoan aztertu ahal izan ditut lanperna-musuen itxuren aldeak, mokoan batez ere, eta sarean apurtxo bat arakatuz gauza interesgarri batzuk ikasi ditut; saiatuko naiz hemen azaltzen:
Anpormaixo heldua
Argazkian agertzen den aleak moko galanta dauka, tamainaz zein kolorez, eta horrek argi erakusten du heldua dela...
Honek, ostera, oso moko txikia dauka, triangelu itxuragaz, eta horregatik dakigu gaztetxoa dela: aurreko udaberrian jaiotakoa. Svensson bezala ezagutzen den hegazti gidarik erabilienaren arabera, adin bi baino ez dira desberdintzen: gaztea eta heldua.
Baina argazkietan tarteko batzuk ere ikusten ziren, eta interneten bilaketak eginez ikerketa baten artikulu hau topatu nuen. Ugal-kolonietan eraztundutako lanperna-musuen mokoen neurriak hartu zituzten, eta adina ezaguna zenez (eraztunen bitartez) ondorio batzuk atera ahal izan zituzten.
Ondoko neurriak aintzat hartu zituzten euren ikerketan:
Eraztundutako aleak neurtuz atera zituzten ondorioak:
"Size variables in Puffins Fratercula arctica from Iceland, and bill features as criteria of age" artikulutik ateratako irudia.
Lanperna-musuak bizitzaren lehenengo urtean ez dira ugal-kolonietara bueltatzen, bigarren edo hirugarren urtean bueltatzen dira, nahiz eta lau edo bost urte izan arte ez diren ugalduko.
Beraz, ale gazte eta urtebetekoen neurriak falta zitzaizkien.
Interneten, Jeff Bakeren "Identification Guide of European non Passerines" (BTO Guides) liburuko irudi hau aurkitu nuen:
Jeff Bakeren "Identification Guide of European non Passerines" (BTO Guides)
liburuko irudia
Hori guztia aintzat hartuta, egun horretan ikusitako aleen adina kalkulatzen saia gintezke:
Moko triangeluarra, altuera gutxikoa, zirrikiturik bakoa, ezta gune beltzaz eta koloredunaren artean ere; aho-ertzaren tolesdura horixka txikia eta zurbila...
Goiko argazkikoa ale gaztea litzateke, apirila zenez, urtebetetik hur. Hurrengokoak, ostera, garatuago dauka mokoaren goiko baraila, amorfo samarra oraindik, baina forma kurbatua hartzen, eta alde gorrian hasi zaio ildo bat osatzen; urte biko alea litzateke beraz.
Hiru urteko aleek ildo bat eta erdi eta gandor bat edo bi agertzen dituzte, eta zeroma hasten (tolestura mamitsua) mokoaren oinarrian.
Hurrengo hau dagoeneko heldua litzatekeela uste dut; ondo garatutako ildo bi, gandor bi edo bi eta erdi eta zeroma horia agertzen dituelako; horrez gain, begi inguruko apaingarria ere ikusten zaio eta aipatutako artikuluan deskribatzen den
"chalk-like substance" klarion antzeko substantzia goiko barailaren azken ildoan; 4 bat urteko alea izan liteke.
Adin desberdinak mokoaren ildo eta gandorren arabera deskribatzen dituen artikuluaren atala, "chalk-like substance"aren aipamenak azpimarraturik
Lau urteko alea litekeena, begiko apaingarria eta azken ildoan "klarion antzeko substantzia" erakusten
Hurrengoak bi eta erdi-hiru ildo agertzen ditu, eta artikuluaren arabera, 5 bat urteko alea litzateke; klarion antzeko substantzia hori nahi beste dauka goiko zein beheko barailetan. Argazkiok, lehen esan dudan modura, apirilean eginak dira, kumaldiaren atarian, eta horregatik dauzkate honezkero mokoak kolore biziekin jantzita, nahiz eta oraindik aurpegi grisak eduki.
Amaitzeko, hiru urteko alea litzatekeen baten lumaberritzea komentatuko dut: lanperna-musuek luma primarioak denak batera aldatzen dituzte urtarrila-martxoa bitartean; ondorioz eta lumak guztiz berriztu arte, hilabete inguru ematen dute ezin hegan eginda. Ondoren, lumak berrizturik prest egongo dira euren kolonietaraino bidaiatzeko eta kumaldiari aurre egiteko.
Hurrengo argazkietan agertzen den aleak, ostera, primarioak oso urraturik dauzka, apirilean dagoeneko oraindik aldatu barik. Hiru bat urteko alea da eta lauzpabost urte izan arte ez dira lanperna-musuak kumatzen; horregatik har dezake lasai gazte honek lumaldaketa, guraso-ardurarik ez du oraindik izango eta.
Ondoren, egun horretako argazki sorta osoa utziko dizuet; kostatuko zait antzeko txangoa errepikatzea!
Lanperna-musuak Fratercula arctica apirilean Lekeition
Lanperna-musua Fratercula arctica apirilean Lekeition
Lanperna-musua Fratercula arctica apirilean Lekeition
Lanperna-musua Fratercula arctica apirilean Lekeition
Lanperna-musua Fratercula arctica apirilean Lekeition
Gabon zoriontsuak eta urte barri on!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina