Gure gazte denboran enpatxo berbia erabilten zan nahasmena, korapiloa, katramila adierazoteko. Aparijuak "enpatxa" egiten ziran (niri beti!), baina ez hori bakarrik, norbera edo bizitza bera ahal ziran enpatxa: "edarra enpatxua daukazuna!", nahasteren batean sartzen zinanean...
Hasita dagoz koplak iparraldeko koloniatatik bueltan etorten, kunak hazi eta gero. Berandutxo dabilz, normalean abuztu amaierarako ikusten diraz geratu barik ekialdetik mendebalderuntz etenik bako pasoan, hilaraka. Aurton irail erdialdera hasi diraz kopuru handietan etorten, eta gazte asko ikusten diraz.
Kopla gaztea
Zoritxarrez, enpatxata ikusten diraz asko, euran dzangadatan uretan atrapaten dabezan sare zatietan, txikotatan, plastikokin, edo amuak iruntsita... Kasorik gehienetan heriotzara kondenako dabezan trabak.
Hurrengo argazki sortan aurton eta iaz ikusitako eredu penagarri batzuk ikusiko dozuez.
Koplia sare zati bategaz enmailata, eta sabelaldea petrolioztatuta
Koplia txikot zati bategaz enpatxata
Koplak, arrain labankorrak ondo kolpeteko, moko ertzak latzak daukez, hagin txikitxoakin lez, eta bertan trabatako edozer, ez da erraz askatuko. Honek kopliari jaten galazoten badeutso, galduta dago koitadua.
Koplia ahotik iuta dingilizka daroiala
Azkan honeri aho ertzetik iutak urteten deutso dingilizka; barruan izango dau amua, gizajoak.
Arrantzontziak tretzak altzaten dabezenean arraina ikusi eta dzanga! amo eta guzti irunsten dabe. Atuna kazan atrapateko malutari be haginka egiten deutse inoiz bertan preso geratuz...
Aurreko neguan kopla bat egon zan lebazaleen pantalanean gosata (pausatuta). Seinale txarra, honek hegaztiok lurra kunak egiteko baino ez dabelako joten, eta osterantzean egiten badabe, oso izorratuta dagozelako izaten da. Trapo bat ganetik botata atrapa neban eta Gorlizko berreskurapen zentrua bialdu.
Bertan egindako erradiografiatan 3 amo iruntsita eukozala ikusi eben. Hilabete iraun eban bertan, osatzeko ahaleginetan, baina hil egin zan azkenik. Inork ez daki zenbat sufrituko eban koitaduak.
Koplaren erradiografiak, ahozpez eta ahoz gora, Gorlizko Birgaitze zentroan eginikoak, iruntsitako hiru amuak ikus leikezalarik
Eskerrik asko Gorlizko Birgaitze Zentruari bialdutako erradiografiakaitik eta piztia salbatzeko egindako ahaleginagaitik.
Kopla heldua islako hatxetan gosata
Beste hau islan pausatuta egoan. Kanpotik ezer ikusten ez jakon arren, lehen esanda lez, seinale oso kaltetuta egoala.
Kopla honek ia-ia ahal eban hegaz egin, hain makalik egoan ze. Halan da be, nigandik ies egiten eustan eta ezin izan neban atrapa txikot madarikatua librateko. "Jesus de Nazaretek" lebazalearen patroia dan Jonathan Goitiz "Señortxu"nekoak esan eustan bera be ahalegindu zala, arrainagaz erakarriz, baina alperrik.
Uda ostean etorritakoak diraz hurrengoak:
Kopla heldu bakoak, aurrekoak mokoan zaborra trabata daroiala
Plastikozko hari batzuk honek
Beste txikot zati bat korapilata honek bebai
Dana izorratzen dogu, gizakiok!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina