Desertaseko braia, Petrel de las Desertas erderaz, Pétrel des Desertas prantsesez eta Desertas Petrel ingelesez.
Euskerazko "brai" hori, bermeotarrek gabaiari esaten dioten izena da; batuaz "petrel" izendatzeko aukeratu da hitz hori, gal ez dadin irizpide hartuta. Nik irizpide honen aurran nire zalantzak dauzkat, momentu eta inguru batzuetan nahasmena sor dezakeelakoan (martinarekin gertatzen den bezala); baina animalien izendapenen inguruan nik baino jakintza askoz handiago eta nik baino askoz gehiago aztertu eta ikasi dutenen irizpidea da, Asier Sarasua biologo eta filologoarena, esaterako, eta onartu egiten dut bere iritzia (nola ez ba!).
Desertaseko braia, Pterodroma deserta
Pasa den abuztuaren 29an "KULIXKA"rekin egindako irteera pelagikoan horrelako txori bat suertatu zitzaigun. Ez ginen hegazti askorik ikusten ari: gabai ilunen bat...
Gabai iluna, Ardenna grisea
...eta hori bai, atun sardak txitxina (antxoa txikia) jaten, eta itsas-enara beltzak (Chlidonias niger) Manjuja probesten.
Itsas-enara beltza Chlidonias niger eta mojak Thunnus obesus
Horrelako batean, itsas-enara beltz batzuk ikusi genituen sarda txiki baterantz zihoazela, eta txori bat altxatu zen uretatik "gabaia" oihukatu zuen Rajen Ayerra gazte naparrak; gabai berezia zen, gris argia gainetik, zuria azpitik, hego-azpi ilunak... Pterodroma!
Desertaseko braia Pterodroma deserta
Gidak eta adituak kontsultatuta, Desertaseko brai bezala identifikatu genuen; hasteko, gure inguruan ohikoena delako, eta hego-azpi ilunekin batera, bere moko lodiagatik. Ezaugarri hauekin Cabo Verdeko braia ere izan zitekeen, askoz arraroagoa gurean, baina Bob Flood aditu handiak argitu zigun hego-azpìko igitai zuria, Desertaseko brai espeziearen arrasgo diagnostikoa dela.
Desertaseko braiaren "igitai" zuria
Dagoeneko badira Euskadi mailan espezie honen hamar bat behaketa inguru, guztiak azken bizpahiru urteetan; lehorretik ia denak (Higer, Matxitxako eta Getariatik), eta itsasoan ikusitakoak bi, biak "KULIXKA"ren irteera perlagikoetan egindakoak hain zuzen; 2025eko azaroaren 19an bata eta pasa den abuztuaren 29an beste hau.
Desertaseko braia "KULIXKA"n, 2025eko azaroaren 16an; Josemi Solerren argakiak
2025eko hartan, argazki makina barik atrapa ninduen braiak, "KULIXKA"ren popatik mazia botatzen ari nintzela, eta kamara atera nuenerako, zeruan arku zabal eta garaiak marraztuz ziztuan urrun zegoen pataria.
Eskerrak Josemi Soler lagun jatorra bizkor ibili zela eta argazki sorta bat bota ziola!
Aurtengo behaketa honetan, aldean eduki nuen kamera eta argazkietarako aukerak eman zituen piztiak, "KULIXKA"ri lau bat ostera eginez beste pare bat arku horretako batzuez alde egin orduko, eta hona bota nizkionak.
Desertaseko braia Pterodroma deserta, zeruan arkua marraztuz
Desertaseko braia
Pterodroma deserta "KULIXKA"ren ondotik kontrargira

Desertaseko braia Pterodroma deserta
Ea hurrengo sorpresa zeinek ematen digun...!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina