Beste martin mota bat, gabai arrunta Puffinus puffinus, pardela pichoneta gazteleraz, Manx shearwater inglesez, Puffin des Anglais frantsesez. Lekitton, neuk dakidala behintzat, ez da hau balearrarengandik desbardintzen, martina beste barik. Batuaz "arrunta" abizena euki arren, ikusten gaitzenetakoa suertatzen da guretzako. Besteak, sasoi egokietan ehundaka ikusten doguz (arrea Calonectris borealis/diomedea, haundia Ardenna gravis edota martin baltza Ardenna griseus). Gabai balearraz aurreko sarreran jardun dot.
Martin arrunta Puffinus puffinus
Martin arrunta ikusten dogunean, kopuru txikietan izaten da grano bakarrak normalean. 2022ko udan, KULIXKAren irteera batean dozenatxu bat granoko aldratxua ikusi genduan, gauza berezi lez.
Hegazti txikitxua da, balearra baino txikitxuagoa eta finagoa, zuria eta baltza. Aurreko sarreran ikusi dogu martin balearrean kolore sorta oso zabala dala, eta soin ganeko marroiaren hedapena ere aldakorra dala; martin arruntean ostera, oso ondo zehaztuta dagoz zuria eta baltzaren arteko mugak, eta bien arteko pasarteak oso kontrastatuak dira, bapatekoak, ez dira lausoak.
Martin arrunta azpitik zuri-zuria da okotzetik hasita eta popa-puntaraino; belarrondoan iretargi-erdi itxurako sargunetxua dauka, galtzarpetik eta hegoazpitik jarraitu eta gibelaldetik igoten deutso zurigunak apur bat, astotzarak balitzatekez lez.
Ganetik bal-baltzak diraz. Lumia apur bat erreta daukenian, lumaldatu orduko, marroitxuago ikus leike, baina baltz.
Martin arruntaren ganekaldearen baltza
Martin arrunta Atlantikoko hegaztia da (Mediterraneora ez da sartzen); Atlantiko iparraldeko uharteetan ugaltzen da, eta negua Brasil eta Argentinako kostaldeetan emoten dau, milaka kilometrotako migrazinoa eginez, mapak erakusten dauen modura.
Gabai arruntaren hedatze mapa; irudia: Donkey shot; Gorriz ugal-koloniak
Lurrean eurak industutako zuloetan edo untxienak berrerabilita, baita haitz-arteko zirrikitoetan be egiten dabe habia, eta katuak, arratoiak, kaio baltzak eta marikuak diraz euran arrautza eta txiten etsairik haundienak. Urien argiteriak be nahastu egiten dauz txitak habiatik urteten dabenian.
Arrantzan egiteko uretara botaten dira eta batzutan zuzenian murgiltzen diraz edo ur-azalian gosata (pausatuta) gagozala, burua sartu eta miatu
egiten dabe ur azpia arrainak bilatzeko.
Ur azpian, hegoak erdi tolostuta eta hankakin sakatuz egiten dabe igiri, bizkor arrainak atrapateko lain.
Ale bat asko hurreratu zan txalopara, oso gauza arraroa; gero argakietan ikusi genduan begia itsututa eukola. Hegazti-gripearen ondorioz kopla itsuak ikusita daukaguz eta pentsa neban horixe pasako jakola martintxuari...
Martin arrunt tubera (betokerra, begibakarra)
Aditu batzuri kontsulta eginda, hegazti-gripearen ondorio baino traumatismo bat emoten ebala esan eben... ez dakit ba.
Amaitzeko txori eder honen argazki sortatxu bat ipiniko deutsuet.
Martin edo gabai arruntak Puffinus puffinus
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina