2022(e)ko azaroaren 15(a), asteartea

Martin Zuria edo Fulmarra

 Fulmarra gure itsasoan nekez ikusten dan txoria da, kostatik 22 behaketaldi baino ez dagoz azken 10 urtetan, "Ornitho.eus" plataforman, euretako 4 hilda.

Itsasora urten ezkero, aukera gehiago dago ikusteko, baina halan da be, gitxi. Nik birritan baino ez dot ikusi, eta lehorretik, Santa Katalinako faroletik, behin bakarrik. 

Iparraldeko hegaztia da, Atlantiko eta Pazifiko iparraldeko itsasoetakoa.

Fulmarraren hedatze eremuak; kumatze guneak horizko

Ez da, halan da guzti be, gure arrantzalientzako ezezaguna. Lantzean behin ikusten dabe, eta euren ibilietan iparraldera jo dabenean, Irlanda aldera eta ugari ikusi dabe. Arrastan ibilinikoak be iparraldeko itsasoan, Gran Solen eta, ederto ezagutzen dabe txori hau. Gure arrantzaleentzako, martin zurija da txori hau, izan be, martinen antzeko hegakera dauka. Ez dauka baina, martinak beste onespen kulinariorik. Martin zuriagatik "dana koipia" daukola kontaten dabe... normala, iparraldeko eguraldi hotzari aurre egin behar badeutse.

Batuaz zein erderaz fulmar da bere izena, Fulmarus glacialis izen zientifikoa.

Aurreko batean, Ondarrutik urten genduan Jose Muñozen "Katxarrote" eta Andoni Burgoaren "Sanse" Zodiacetan txoriketan, mazia bota genduan txoriak erakarteko, eta martin zuria hurreratu jakun.




Martin zuria gosata

Santza baino apur bat txikiagoa da, baina trokoa, buru haundia eta moko lodia. Moko oso berezia dauka, zatika egina lez, eta arreta deitzen dabe tutu moduko surtziloak (sudur zulo), eta moko mutur kakodunak.

Hurreratu ginian, eta azkanean hegaz altza zan...


Martin zuria aireratzen





Martin zuria aireratzen



Martin zuria hegaz. Ikusi mokoaren berezitasuna

Hegaz gure inguruan pare bat ostera egin eta gero, uretan gosa (pausatu, Lekitton) zan barriro. Izan be, mokoaren tutuak tarteko, usainmen honeko piztia da, eta gure maziak isurtzen eban hatsa erakargarriegia zan bertatik alde egiteko.



Martin zuria hegaz


Agur!




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina