2025(e)ko otsailaren 28(a), ostirala

Cabo Verdeko gabaia Lekitton!

 2024ko irailaren 15a urrez grabatuta geratuko da "KULIXKA"ren historian. Eguna oker hasi zen: txango pelagikoa geneukan programatuta 10 txorizalekin, eta "KULIXKA"k ez zuen arrankatu nahi izan. Asier patroiak eta Dani mekanikoak arazoa konpontzeko ahalegin guztiak egin ostean, pieza bat aldatu behar zela ebatzita eta ordezkorik ez zegoelarik, "B" plana aktibatu genuen: Asierrek sei lagun eramango zituen Isuntzaren Arraunlarin (estropadetako balizak ipintzeko erabiltzen duten txalupa zaharra), eta nik nire Eukenin (beste txalupa zahar bat, baina poztasun handiak ematen dituena) beste lauak.

Amaia Alzaga, Oskar carazo, Karmelo de Dios, Iñaki gezuraga, Asier Sarasua eta Josemi Soler, "Arraunlari"n Asier Mendieta patroiagaz

Ezkerretik, Karmelo, Oskar, Asier S. Amaia eta Josemi, "Arraunlari"n portutik irtetzen

"Eukeni" portutik irtetzen, neu patroi, Olaia Garmendia, Julen Vega, Iziar Goitia eta Joseba del Villaregaz (ezkerretik eskumara) 

Julen, Joseba eta Olaia

Eguraldi ederrarekin abiatu ginen, ipar-ekialdeko olatu handi samarrak zeuden, baina aurreikuspenak baretzen joango zela zioen eta ilusioz beterik, itsasoari branka emanez abante egin genuen.

Lekeitiotik 6 bat itsas-miliara, txori metaketa handiak ikusi genituen eta euretako batera abiatu ginen. Tunidoek azaleraturiko anten antxoa txikia jaten ari ziren zanga gazte Sula bassana pilo bat (poz handia eman zigun honek, ezagututa espeziea pairatzen ari den hond hamendia hegazti gripearen eraginez) espezieari eragindako sarrakia, eta haiekin batera gabai arreak, handiak, balearrak baita arrunten batzuk ere.

Zanga gazteak azaleraturiko txitxina jaten. Eskumaldean, Cabo Verdeko gabaia Calonectris edwardsii

Cabo Verdeko gabaia erakusten duen aurreko argazkiaren mozketa

Horrelako multzo batean Cabo Verdeko gabaia zegoen, gerora aztertutako argazkietan ikusi genuenez, baina bertan ez ginen inor ohartu.

Hegazti interesgarri ugari zebiltzan azaleratutako arrain sarden inguruetan, eta gu liluratuta geunden batzuei eta besteei begira...

Sabine antxeta Xema sabini bat ikusi genuen, antxeta txiki Hydrocoloeus minutus batzuk ere... 





Antxeta txikia Hydrocoleus minutus antxoatan



Sabine antxeta Xema sabini


Horrelako batean izan zen, antxeta txiki batzuren atzetik gindoazela, gabai arre taldetxo bat ikusi genituela uretan pausatuta, eta ondotik pasatzean altxa zirenean, euretako batek atenzioa eman zigula: zer 💥💥💥 izan da hori? 

Hegan irten ziren eta ,popaz, ezer argitzen ez zuten argazki batzuk bota genizkion...
Zorionez ehundaka metro batzuk aurrerago ostera ere pausatu ziren eta geldika-geldika hurreratu ginen euregana... hurreratu ahala hasi ginen ikusten gabai arre desberdina zela, txikiagoa, ilunagoa... argazkiak bota, kamaran bertan handitu, aztertu, eta moko mehe eta grisa ikusten zitzaion (gabai arreen moko horiaren oso desberdina) Cabo Verdeko gabaia zen!!

Cabo Verdeko gabaia Calonectrsi edwardsii ezkerrean, eta gabai arrea Calonectris borealis eskuman

Cabo Verdeko gabaia Calonectrsi edwardsii


Cabo Verdeko gabaia bertako eharteetako espezie endemikoa da, bertan baino ez ditu kumak egiten, eta euren migrazio joerak oso ezagunak ez diren arren, badakigu hegoameriketako kostaldetara joaten direla eta ez dira Cabo Verde baino iparralderago normalean ikusten,  Canariar uhartetan eta Madeiran behaketen batzuk badaude ere; hau, Europa kontinentalerako lehenengo behaketa dokumentatua (argazkiz) izan da. (Beste behaketa bat dago Galiziako Estaca de Bares lurmuterrik egina, baina argazkiz dokumentatu barik eta ez da homologatua izan; bai, ordea, geurea.)

Cabo Verdeko gabaiaren hedapen mapa (Wikipediatik, Creative Commons Cephas )

Jarraitu ginen hurreratzen eta argazkiak egiten, berriro ere hegan altxatu zen arte, eta bila ibili baginen ere, ez genuen gehiagorik ikusi.

Agur!

Itsas enara beltzak ikusi genituen, ipar-txenadak, marikaka isatslaburra hauei erasoka, baita gauza liluragarri gehiago ere; baina Cabo Verdeko gabaia desagertu egin zen.


Itsas enara beltza Chlidonias niger 


Ipar-txenada Sterna paradisaea


Marikaka isatslaburra Stercorarius parasiticus ipar txenadari erasoka

Marikaka isatslaburra saria kobratzen

Eta horrenbestez, Lekeitioko portura itzuli ginen egindako behaketa ikaragarriaren emozioaz pozarren eta partekatzeko eta zabaltzeko irrikaz! 








2024(e)ko abenduaren 22(a), igandea

Anpormaixuak II

 Anpormaixo edo lanperna-musuei dagokiela, ez duaurtongo negua lakorik sekula ezagutu! Hainbeste eta kostatik hain hur... honi esker lortu ahal izan dudan argazki bildumatxoan aztertu ahal izan ditut lanperna-musuen itxuren aldeak, mokoan batez ere, eta sarean apurtxo bat arakatuz gauza interesgarri batzuk ikasi ditut; saiatuko naiz hemen azaltzen: 

Anpormaixo heldua

Argazkian agertzen den aleak moko galanta dauka, tamainaz zein kolorez, eta horrek argi erakusten du heldua dela...

Anpormaixo gaztea

Honek, ostera, oso moko txikia dauka, triangelu itxuragaz, eta horregatik dakigu gaztetxoa dela: aurreko udaberrian jaiotakoa. Svensson bezala ezagutzen den hegazti gidarik erabilienaren arabera, adin bi baino ez dira desberdintzen: gaztea eta heldua.

Anpormaixuen irudia "Guía de aves" Svensson (ed. Omega) liburutik


Baina argazkietan tarteko batzuk ere ikusten ziren, eta interneten bilaketak eginez ikerketa baten artikulu hau topatu nuen. Ugal-kolonietan eraztundutako lanperna-musuen mokoen neurriak hartu zituzten, eta adina ezaguna zenez (eraztunen bitartez) ondorio batzuk atera ahal izan zituzten. 

Ondoko neurriak aintzat hartu zituzten euren ikerketan:

"Size variables in Puffins Fratercula arctica from Iceland, and bill features as criteria of age" artikulutik ateratako irudia.

Eraztundutako aleak neurtuz atera zituzten ondorioak:

"Size variables in Puffins Fratercula arctica from Iceland, and bill features as criteria of age" artikulutik ateratako irudia.

Lanperna-musuak bizitzaren lehenengo urtean ez dira ugal-kolonietara bueltatzen, bigarren edo hirugarren urtean bueltatzen dira, nahiz eta lau edo bost urte izan arte ez diren ugalduko. 

Beraz, ale gazte eta urtebetekoen neurriak falta zitzaizkien. 

Interneten, Jeff Bakeren "Identification Guide of European non Passerines" (BTO Guides) liburuko irudi hau aurkitu nuen:

Jeff Bakeren "Identification Guide of European non Passerines" (BTO Guides) 
liburuko irudia

Hori guztia aintzat hartuta, egun horretan ikusitako aleen adina kalkulatzen saia gintezke:

Moko triangeluarra, altuera gutxikoa, zirrikiturik bakoa, ezta gune beltzaz eta koloredunaren artean ere; aho-ertzaren tolesdura horixka txikia eta zurbila... 


Goiko argazkikoa ale gaztea litzateke, apirila zenez, urtebetetik hur. Hurrengokoak, ostera, garatuago dauka mokoaren goiko baraila, amorfo samarra oraindik, baina forma kurbatua hartzen, eta alde gorrian hasi zaio ildo bat osatzen; urte biko alea litzateke beraz.

Urte biko lanperna-musua; geziek goiko barailaren forma kurboa eta mokoaren alde gorriko ildoa garatzen erakusten dute.

Hiru urteko aleek ildo bat eta erdi eta gandor bat edo bi agertzen dituzte, eta zeroma hasten (tolestura mamitsua) mokoaren oinarrian.

Hiru urteko lanperna-musua; geziak: ezkerrekoak zeroma erakusten du, beste laurak ildoak (1 eta erdi) eta gandorrak (2).

Hurrengo hau dagoeneko heldua litzatekeela uste dut; ondo garatutako ildo bi, gandor bi edo bi eta erdi eta zeroma horia agertzen dituelako; horrez gain, begi inguruko apaingarria ere ikusten zaio eta aipatutako artikuluan deskribatzen den 
"chalk-like substance" klarion antzeko substantzia goiko barailaren azken ildoan; 4 bat urteko alea izan liteke.

Adin desberdinak mokoaren ildo eta gandorren arabera deskribatzen dituen artikuluaren atala, "chalk-like substance"aren aipamenak azpimarraturik

Lau urteko alea litekeena, begiko apaingarria eta azken ildoan "klarion antzeko substantzia" erakusten

Hurrengoak bi eta erdi-hiru ildo agertzen ditu, eta artikuluaren arabera, 5 bat urteko alea litzateke; klarion antzeko substantzia hori nahi beste dauka goiko zein beheko barailetan. Argazkiok, lehen esan dudan modura, apirilean eginak dira, kumaldiaren atarian, eta horregatik dauzkate honezkero mokoak kolore biziekin jantzita, nahiz eta oraindik aurpegi grisak eduki.

5 urteko alea litzatekeena hirugarren ildoarekin (gezia) eta klarion antzeko substantzia ugarirekin

Amaitzeko, hiru urteko alea litzatekeen baten lumaberritzea komentatuko dut: lanperna-musuek luma primarioak denak batera aldatzen dituzte urtarrila-martxoa bitartean; ondorioz eta lumak guztiz berriztu arte, hilabete inguru ematen dute ezin hegan eginda. Ondoren, lumak berrizturik prest egongo dira euren kolonietaraino bidaiatzeko eta kumaldiari aurre egiteko. 

Hurrengo argazkietan agertzen den aleak, ostera, primarioak oso urraturik dauzka, apirilean dagoeneko oraindik aldatu barik. Hiru bat urteko alea da eta lauzpabost urte izan arte ez dira lanperna-musuak kumatzen; horregatik har dezake lasai gazte honek lumaldaketa, guraso-ardurarik ez du oraindik izango eta.



Hiru urteko lanperna-musua luma primario zaharrekin

Lanperna-musu heldua luma primario aldatu berri dotoreekin


Ondoren, egun horretako argazki sorta osoa utziko dizuet; kostatuko zait antzeko txangoa errepikatzea!









Lanperna-musuak Fratercula arctica apirilean Lekeition 







Lanperna-musua Fratercula arctica apirilean Lekeition 







Lanperna-musua Fratercula arctica apirilean Lekeition 




Lanperna-musua Fratercula arctica apirilean Lekeition 





Lanperna-musua Fratercula arctica apirilean Lekeition

Gabon zoriontsuak eta urte barri on!