2023(e)ko otsailaren 24(a), ostirala

Gabai Tasmaniarra Lekeition!! (?)

 Gabai Tasmaniarra Ardenna tenuirostris, Short Tailed Shearwater ingelesez, Puffin à Bec Grêle prantsesez eta Pardela de Tasmania gazteleraz.

Gabai tasmaniarra Ardenna tenuirostris

Urtarrilaren 3an, eguraldi eta itsaso ederrak aprobetxatuz, ostera bat egin nuen Eukenin, eta lehenengo manjuja bat topa nuen: bertan izurde arruntak Delphinus delphis zebiltzan antxoa txikiak jaten, eta eurekin batera zangak Sula bassana, kalatxori edo antxeta hankabaltzak Rissa tridactyla eta gabaiak; gabai balearrak Puffinus mauretanicus batez ere, baina gabai arrunt Puffinus puffinus batzuk ere bai.

Manjuja (manjúa)

Manjuja baretu zenean, nire ibilbidea jarraitu nuen txoriei ogia eta arrain zatiak botatzen eta gabai batzuk hasi zitzaizkidan inguruka. Aurreko egunetan bizpahiru aldiz gabai ilun bat ikusi nuen, ondo ez nekiena gabai iluna Ardenna griseus zen, edo balear ikaragarri iluna ote zen agian... eta agertu egin zen.

Gabai tasmaniarra Ardenna tenuirostris

Pare bat ostera egin zizkidan eta aukera eman zidan argazki-segida batzuk botatzeko.

Etxera heltzean, argazkiak deskargatu eta zuzenean joan nintzan gabai horren bila. Berehala konturatu nintzen berezia zela, ez zuen ondo bat egiten ezagutzen nituen beste gabaien parametroetan: ilunegia balearra izateko, eta txikia eta hega-laburra gabai iluna izateko. Argazki batzuk partekatzen hasi nintzen; batzuek gabai iluna ikusten zuten, pausatuta zegoen argazkian ordea beste batzuek balearra...

Gabai tasmaniarra Ardenna tenuirostris

Itsasora hegaztiak ikusten ateratzen garen lagunen artean partekatzen dugun informazioari esker, bageneukan gabai tasmaniarren berri, bagenekien dagoeneko Atlantikoan ikusiak zirela aleren batzuk, eta euren bereizgarriak zeintzuk ziren ere bai: moko laburra eta sudur-tutu luzeak proportzioan. 

Gabai tasmaniarra Ardenna tenuirostris, pausatuta

Ordenagailuan argazki gehiago agertu hala, urduri ipintzen hasi nintzen, ezaugarri horiek betetzen zituela ikusten nuelako.

Bob Flood & Ashley Fisheren North Atlantic Seabirds liburura jo nuen, eta bertan aipatzen diren bereizgarriak hasi nintzen aztertzen: sudur-tutuen luzera, moko osoaren %30a izaten da gabai tasmaniarrean, gutxi gorabehera... eta dra!

Gabai tasmaniarraren sudur-tutuen luzeraren proportzioa

Gabai tasmaniarra Ardenna tenuirostris

Begi handia, zintzo aurpegia, okotz zuria, estal-luma sekundarioak argitxoak edo ez oso ilunak behintzat, hatz puntak buztana gainditzen, lepo labur-gizena... bagindoazen ezaugarriak batzen baita identifikazioaren aldeko iritziak ere.

Gabai tasmaniarra lepo labur-gizena eta hankak buztanaren atzetik erakusten

Gabai tasmaniarra, luma primario eta estal-luma primarioen arteko kontraste txikia eta estal-luma sekundario argiak erakusten

Gabai tasmaniarra bekoki bertikala, buru laukia eta hanka luzeak agertzen

Gabai tasmaniarra, luma primario eta estal-luma primarioen arteko kontraste txikia eta estal-luma sekundario argiak, baita okotz zuria ere erakusten

Gabai tasmaniarra Ardenna tenuirostris

Gabai tasmaniarrak, izenak dioen bezela Tasmania eta inguruko uharteetan umatzen dute, hego hemisferioan uda denean, eta ostean Ozeano Pazifikoaren iparraldera jotzen dute hango negutik ihesi. Bering itsasoan ehunka mila biltzen dira, eta aditu batzuk uste dute -iparraldeko izotzen urtzea medio- aleren batzuk Atlantikorako bidea hartu ahal izan dutela. Izan ere, azken urteetan gabai tasmaniarren behaketa batzuk izan dira Ipar Amerikako ekialdeko kostaldean, baita besteren bat Irlandan eta Bretainian ere.

Gabai tasmaniarraren hedatze eremu mapa, baita Atlantikorako balizko ihesbideak ere (neuk gehitua) 
https://dx.doi.org/10.2305/IUCN.UK.2017-1.RLTS.T22698216A110676140.en Creative Commons Attribution-Share Alike 4.0 International Cephas

Sarrera honetako protagonista Lekeitiotik pare bat itsas miliara ikusi nuen, gutxi gora behera honako posizioan: 43º24´N, 02º28´W.

Europarako 3. edo 4. behaketa litzateke hau, eta lehena Euskal Herrirako eta estatu Espainiarrarentzako ere bai.

S.E.O.ren "Comité de Rarezas" delakoak behaketa onetsi zain, antzeko espezieekin alderaketa foto-muntaia bi, eta beste argazki-segida bat uzten dizkizuet. 

Gabai tasmaniarra Ardenna tenuirostris eta gabai iluna Ardenna griseus

Burua/mokoen alderaketa: ezkerretik eskumara, gabai balearra, tasmaniarra eta iluna










Gabai tasmaniarra uretaratzen

Badirudi espeziearen aditurik handiena den Bob Flood zalantzan dela txori honen identifikazioarekin: hegan agertzen den argazkietan "shorty", tasmaniarra ikusten duela dio; baina jesarrita dagoenetan, mokoaren proportzioak, "sooty", gabai ilun eme gaztearenak izan omen zitezkeela ere bai... bere erabakiaren zain gaude denok, behaketa egiaztatzeko ala ez.

Zuek zelan ikusten duzue?

Laster arte!






 


 


 


 


 







2 iruzkin: