2022(e)ko maiatzaren 18(a), asteazkena

Mokozabalak Lekitton

 Mokozabala, Platalea leucorodia, espátula gazteleraz, spoonbill inglesez eta spatule frantsesez.

Aurreko sarrera batean (https://jonzubiaur.blogspot.com/search/label/Mokozabala) ipini neban ez dala bape ohikoa hegazti honek Lekitton ikustea. Itxialdian zehar balkoitik ikusi genduan bat errekan gora sartzen hegaz, eta inoiz entzun dot bateronbat ikusi izan dala Learen estuarioan, Maria-Errota eta Zubieta jauregiaren tarteko paduratan, baina osterantzean ez da txori hori hamen sekulan ikusten. Ba, pasa dan apirilaren 23tik badabil mokozabal bat, edo agian izan dira bi, Lekitton. Migrazino sasoian gagoz, eta edozer agertu leike, baina arraro samarra da hain luze berton egotea; pare bat aste bota dauz geugaz.

Mokozabala eta koartzatxo txikia Maria-Errotaren dike barruan

Apirilaren 23an ikusi eban Maria-Errotan. Biharamonean be bertatik ebilen, eta argazki batzuk bota neutsazan. Maria-Errotaren dikearen barruko potzuetan ebilen jaten...



Mokozabala Maria-Errotan jaten

Jateko, euren moko punta zabal supersentikorragaz hondoa aztertzen dabe burua alde batera eta bestera ibiliaz oso mugimendu bereizgarriagaz, eta zeozer topaten dabenean atrapa egiten dabe: karramarroak, izkirak, baita arrainak be.



Mokozabala Maria-Errotan


...azkenean Zubietaruntz alde egin eban, eta ez neban gehiagorik ikusi, arik eta pare bat aste geroago...

Mokozabala islako pinuaren puntan

Sorpresa Garraitzen! Teleskopiotik zehar mokozabala ikusi neban pinu baten puntan. Bertara joan nintzan ahalik eta arinen, malekoia oraindik azaldu orduko, lelena izateko eta beste inork mokozabala ez uxatzeko, eta beste argazki sortatxu bat egin neutsan.


Mokozabalaren mokoaren perspektiba bitxia

Mokozabala Garraitzen

Maria-Errotan ikusiniko bera ete zan? Moko muturrean dauken marrazkia desbardina da ale bakoitzean, eta alderaketa eginez, ikusten da ez zirala bat.
Mokozabalen mokoen alderaketa
 
Ezkerraldeko aleari, horiak bazterretatik gora egiten deutso; eskumaldekoari ez, eta ganera orban baltz bi be badaukoz.

Azkan honek pare bat aste emon dauz Maria-Errota eta Arropain tarteko paduratan, Learen Estuarioa deritzanean, elikatzen eta atseden egiten, baina asteon dagoeneko ez dot gehiagorik ikusi. Bere kolonia gunetara alde egingo eban, Herbeheretan edo Frantziako Camargan agian, sasoia izan dau! 



Ea uda amaieran be, Afrikara bidean, beste bisitatxu bat egiten deuskun. Bidai on! 


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina