Izurda arrunta Delphinus delphis. Urteko lelengo hile honek, urtarrila, otsaila eta martia, oso onak izaten diraz izurda espezie hau ikusteko. Ez dakit ondo zein arrain sardak sartzen dirazen Bizkaiko Golkora honetan sasotan, sardinia badan edo txitxarro txikina, baina haren atzetik etorten diraz izurda arruntak, eta erraz samarra da eurak kostatik ikustea. Askotan, koplakin batera jaten, manjujan. Aintzina, atunak edo izurdak arrain sarda bat bildu eta azaleratzen ebanean horrela esaten eutsen, eta arrantzaleak aprobetxaten eben euran trainak botateko, sonarrik bako sasoietan. Arrantzaleak baita koplak bebai, irudietan ikus ahal izango dozuen modura.
"Manjuja" faroletik 2018ko martian
Izenak ondo adierazoten dauan modura, gure uretan arruntenak diraz izurda haundiakin batera. Izurda zerrendatua da gure uretan dabilen 3. espeziea, baina hau ikusteko milia batzuk kanpora urten behar izaten da. Kakotak (kalderoiak), esparloiak (orkak) edota kakot zuriak (izurde muturmotzak) delfinidoak be badira, baina ez genduke "izurdak" lez hartuko.
Erraza da izurda arrunta besteengandik desbardintzen, 3 ezaugarri nagusiengaitik:
1 Bizkar oso iluna, ia baltza.
2 Hondar-erlojuzko itxurako marrazkia.
3 Aurrekalde beilegia, horixkia, biziagoa batzutan, apalagoa bestetan.
Pasa dan udan "KULIXKA" yata klasiko zoragarrian eginiko txangoetan ia danetan ikusi genduzan izurda arruntak, inoiz sarda haundi-haundietan, kunakin, baita kunak egiten be...! branka azpira etorten jakuzan olgaten, eta aprobetxa genduan argazki batzuk egiteko.
Izurda arrunt taldea, eskumaldean kuna bat burutxua ataraten
Izurda arrunten lelengo planoak
Amaitzeko, orain dala pare bat aste faroletik ikusiniko beste manjuja nasaitxu bat izten deutsuet. Bertan koplak eta izurdak alkarregaz jaten agertzen diraz. Momento bitan izurdak salto egiten dabe, eta ea gauza zarien aitatutako ezaugarriak somatzeko!
Manjuja 2022ko urtarrilaren 29an faroletik
Katalejuak hartu, eta farolera!