2020(e)ko abenduaren 28(a), astelehena

Karrabaso mottoduna eta karrabaso handia


Karrabaso espezie bi ikus geinkez Lekitton: mottoduna Phalacrocorax aristotelis, eta handia Phalacrocorax carbo. Mottoduna egoiliarra da, hau da, urte osoan bizi da berton, eta berton egiten dauz kunak; bestea, handia, negutiarra da, eta apiriletik urrira inguruan iparraldera alde egiten dabe kunak egiten, ez diraz lekittarrak.

Antzekoak badiraz be, desbardintasunak badaukez, eta ahaleginduko gara bereizten.




Mottoduna goian, haundia behean, argi dago oso antzekoak dirazena.

Handia, handiagoa da, baldarragoa; mottoduna barriz, lirainagoa. Bal-baltzak dira biak, baina mottodunaren baltzak dirdira berdexka dauko eta haundiarenak ostera marroxkarantz egiten dau. 

Buruaren itxuraren alderaketa. Ezkerraldean haundia, eskumaldean mottoduna

Buruaren itxurari begiratzen badeutsagu, nabariak diraz aldeak: handiak moko gris argia eta zabalagoa dauko, oinarrian batez be, eta horrek forma triangeluarra emoten deutso haren buruari. Mottodunak moko horixkia edo iluna eta meheagoa dauko, eta bekokiagaz bat egitean, angelua sortzen dau. Handiaren luma bako maskara horiak begia inguratzen deutso, eta mottodunak ez dauko ia, aho ertzean besterik ez jako apur bat zabaltzen.



Handia goian, mottoduna behean


BK eta BM karrabasuak habialdi bardineko anaia-ahizpa-nebarrebak edo dana dalakoak diraz!
Pasa dan udabarrian 8 urte bete ebezan; BMk bizirik dirau, BKk ez dakit... 

Goiko argazkietan ikusten da ez dala erreza hegaz doiazela bietako zein dan igartea, baina handiak kokot lodiagoa dauko, mottodunak burua baino meheagoa, eta buruaren itxuran fijaten bagara, praktika apur bategaz jakin daiteke. 

Horretaz aparte, honez gero mottodunak hasita dagoz maitasun kontuetan, eta hazita dauke euren motots edo gangor bereizgarria. 



Arrari, mototsaz gane, okotspekoa hazi egiten jake

Arrak eta emeen artean ez dago alde nabaririk, arrak apur bat sendoagoak diraz, eta okotspekoa haunditzen jake emeari baino gehitxoago. 

Goiztarrak diraz, laister hasiko diraz habiak egiten eta martirako arraultzak inkubaten egongo diraz.

Karrabaso haundia, udabarrian hasten da ugalketarako lumia prestaten, kokota zuritu egiten jake, eta izterraldean be, orban zuri batzuk zabaltzen jakez.


Karrabasuak, mottodunak nahiz haundiak, ez dauke luma iragazgaitzik, koplak edo santzak legez, eta busti egiten diraz. Horregaitik ez dabe paitak edo kalatxorien moduan flotaten, eta uretan dagozenean gorputza ur azpian eukiten dabe, eta kokotak eta buruak bakarrik urteten deutse uraren ganetik.



Honez gero badakizue zein dan mottoduna eta zein haundia

 Horrek mesede egiten deutse urpean arrantzan egiteko orduan, baina bainuaren ostean, sikaten para behar izaten dabe.


Karrabaso mottoduna Garraitzen hegoak sikaten


Karrabaso haundia Lazunarriko hatxetan hegoak sikaten

Eta beste barik, irudiak berbak baino gehiago balio dabelez, karrabaso mottodunen argazki sorta bat ipiniko dot, ea argazkiok gauza diran kasurik egiten ez deutsagun lekittoko txori honen edertasuna transmitiduteko.



Haundiak...







 


...eta mottodunak. Agur! 


















 

2020(e)ko abenduaren 10(a), osteguna

Karrabasua


  
Phalacrocorax aristotelis, ubarroi mottoduna.

Beste izen batzuk: Bermio inguruan potorro, Ondarrun sakillo, Bolborin Hondarribian, erderaz cormorán moñudo.


Lekittoko altxor ornitologiko handienetakoa. Egoera larrian dagoen hegazti honen Kantauri osoko koloniarik handiena daukagu Santa Katalinako etorbide azpiko labarretan, Galizakoez aparte. 

Kalteberen kategorian dago, arriskuan dagozan espezieen Euskadiko zerrendan.

Karrabasuak Santa Katalinako bide azpiko hatxetako kolonian

Santa Katalinako labarretan hogetapiko habia zenbatu ebazan Jon Hidalgo ornitologoak iaz, eta beste bospasei Garraitz irlan.

Bigarren kontaketa batean, 39 txita zenbatu genduzan ordurako habiatik urtenda, hegaz egiteko gauza ziriala. Hogetapiko grano Santa Katalinan, eta beste dozenatxo bat islan, Akapulko inguruan eta isla-muturraren azpian. 

Kopuru honek aituten emoten doskue txori honen egoera kaxkarra. Sasoi batean Ogoñokoa zan Kantauriko koloniarik haundiena, baina bertan behera etorri zan.

Ur azpian murgilduz egiten dabe arrantzan, eta arrantzaleen sareetan enmailata hilten diraz asko. 

Kuma sasoian, mottodun izena emoten deutsen motots edo gangorra hasten jake bekoki ganean. Laster hasiko diraz habia lekuetan batzen, bikoteak osotu eta kumaldia prestatzeko.

 
Karrabasuak euren motots edo gangorrakin apainduta

Gazteak dirazenean, kolore argiagokoak izaten diraz eta begiak grisak eukiten dabez. Urtetik urtera ilunduten doiaz, eta 4 urtekin egiten diraz helduak, euren begi berde ederrakin eta luma baltz-berdexka dizdiratsuakin.

Karrabaso heldubako bi islako Akapulkoko hatxetan (goikoa hari gorri bategaz enpatxata)


Karrabaso gaztearen begi grisa


Karrabaso gaztea udako egun bero batean arnasestuka, bere burua freskotzeko


Karrabaso gaztea Akapulkon

Karrabaso heldu, lirain eta dotore bi, Santa Katalinako hatxetan 


Karrabasua Arzabal eta Endai tarteko hatxetan

Momentuz, hau. Jarraituko dot karrabasuaren ganeko sarrera gehiagorekin, bere lehengusu handiarengandik zelan desbardindu, eta abar.

Blog honen asmoa da Lekittoko txoriak eta euren izen lekittar jatorrak erakustea, lekittarrari bereziki, ikusten dotelako oso ezezagunak dirazela batez be gazte jentearen artean eta, kantak dinoen moduan, "ez daitezen ahaztu, ez daitezen gal".

Espero dot gustoko izan dagizuela, laster arte.